Kutxa Ekoguneak eta Elgoibarko Udalak bultzatutako ontzi berdearen kanpainak arrandegietan eta harategietan sortzen diren plastikozko bilgarri eta poltsak murriztea du helburu. “Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa bat edo bitan sartzen baitira ondoren”, azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak Ontziratu zaitez! Kanpainaren aurkezpenean.
Kutxa Ekoguneak Hernanin jarri zuen martxan kanpaina maiatzean, eta harrezkero Gipuzkoako hainbat herritara zabaldu dute egitasmoa. “Ordutik hona, herritarrek ontzi hauen erabilera barneratu dute eta ingurumena kaltetzen duen hondakin kopurua murriztu. Hernanin eta Donostian harrera oso ona izan du egitasmoak eta Elgoibar izango da bi tupper, haragiarentzak eta arrainarentzat, eskainiko ditugun lehen herria”, argitu du Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendariak.
•Helburu hirukoitza
Ekimen honen helburua hirukoitza dela gaineratu du Insaustik: “Batetik, erosketak erosoagoak izango dira, erosleek behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dutelako, modu garbi batean gainera. Bestetik, saltokientzako kostu murrizketa handia suposatzen du, ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango. Eta azkenik, hondakin gutxiago ekoiztuko denez, ingurumenarentzat positiboa izateaz gain, ekimen honekin denok ateratzen gara irabazle”.
Ekimen honen helburua hirukoitza dela gaineratu du Insaustik: “Batetik, erosketak erosoagoak izango dira, erosleek behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dutelako, modu garbi batean gainera. Bestetik, saltokientzako kostu murrizketa handia suposatzen du, ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango. Eta azkenik, hondakin gutxiago ekoiztuko denez, ingurumenarentzat positiboa izateaz gain, ekimen honekin denok ateratzen gara irabazle”.
•Ontzien banaketa
Tupperrak Elgoibarko azoka plazan banatuko dituzte apirilaren 10etik 13ra bitartean 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara, eta apirilaren 14an, 10:00etatik 14:00etara. Guztira 11.000 ontzi berrerabilgarri banatuko dira, doan. Ontziak tinta ekologikoaz eginda daudela azaldu du Miriam Montero Udaleko teknikariak."Erabat birziklagarriak dira eta hozkailuan eta mikrouhin labean sartzeko balio dute".
Gainera, hileko azken barixakuan, 80 euroko erosketa-saria zozkatuko da tupperra erabili izan duten erosleen artean. Irabazleen izenak saltoki laguntzaile bakoitzean eta Udalaren webgunean argitaratuko dira.
- Honako hauek dira Ontziratu zaitez! kanpaina abian dagoen saltokiak: Armueta harategia, Benito harategia, Dori janariak, Iraola harategia, Landa harategia, Mary harategia, Patxi harategia, Sahatzu harategia, Ziarda harategia, Basoarte arraindegia, Bolintxo Yolanda okindegia, Gloria okindegia, Eroski City supermerkatua, Eroski Center supermerkatuak eta Netto supermerkatua.
•Kontzientzietan eragitea
Zaborren kudeaketan sortzen ez den zaborra dela onena uste du Alfredo Etxeberriak. Ildo horretan, Ontziratu zaitez! kanpaina zabor gutxiago sortzeko eta sentsibilizazioan eragiteko “tresna bat gehiago” dela azaldu du. “Jendeak zaborren inguruan hausnartzeko bost minutu hartzea nahi genuke. Denoi eragiten digun arazoa baita. Erraustegia, atez-atekoa… nahi duguna eztabaidatuko dugu, baina zaborren etxeko kudeaketan dago gakoa, eta merkatariek ere paper garrantzitsua dute”.
Zaborren gaiarekin jarraituz, bosgarren edukiontzia azarorako herri guztira zabalduta egongo dela aurreratu du alkateak.