Txakurrak aske eraman edo euren kaka ez jasotzeagatik isunak

elgoibarren.net 2012ko mar. 30a, 12:19

 
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, apirilean ahalegin berezia egingo dute udaltzainek animaliak eduki eta babesteko ordenantza betearazteko. Txakurra kalean lotu gabe eramatearren 300 euro eta 1.500 euro arteko isuna jaso daitekeela jakinarazi dute, eta txakurrak egindako kaka ez jasotzearren, berriz, 30 euro eta 300 euro artekoa.

 

 Aurrekoez gain, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukiz gero, udaltzainek baimenak egoki daudela ere egiaztatuko dutela jakinarazi dute. Arriskutsuak izan daitezkeen jabeen edo horrelako txakurrak dituztenen betebehar bereziak honakoak dira:
A) Leku publiko batean, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak daramatzaten pertsonek ondorengo agiriak eduki beharko dituzte soinean:
  • Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko baimen administratiboa.
  • Txakurra Animalien Udal Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.
B) Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrek euren tamainarentzat eta arrazarentzat egokia den muturrekoa jarrita izan beharko dute; halaber, kate edo uhal gogor bati loturik joan beharko dute. Kateak, gehienez ere, bi metroko luzera izango du, eta ezin izango da luzatu. Txakurrak, beti, lotuta joango dira; eta pertsona batek ezingo du txakur horietako bat baino gehiago eraman. Debekatuta dago arnesak erabiltzea.