166.200 euroko diru-laguntza emango dio Udalak Elgoibarko Izarra kultur elkarteari 2012. urtean

elgoibarren.net 2012ko api. 11a, 08:54

 
Elgoibarko Udalak 166.200 euroko diru-laguntza emango dio Elgoibarko Izarra kultur elkarteari, iaz baino 23.927,60 euro gutxiago. Bi Udal sailetatik jasoko du laguntza kultur elkarteak: Euskara Sailetik eta Gazteria Sailetik. Elgoibarko Izarrak Udalarekin hitzartu dituen egitasmoen aurrekontu osoaren % 37,7 finantzatuko du Udalak.


  Euskara Sailak 106.200 eurorekin lagunduko du elkartea, eta, besteak beste, Hedabide Saila (BARREN eta www.elgoibarren.net), aisialdiko Kiribilka, Bertso Eskola edota Jolasean egitasmoa, eta Tertuliak programa edo Gabonetako bertso jaialdia bezalako ekintza eta egitasmoak jasotzen ditu Euskara sailari dagokion hitzarmenak. 
  Gazteria Saiak bideratutako laguntza, berriz, Atxutxiamaika egitasmoari dagokio, eta urteko sasoi desberdinetan egin ohi dituzten udalekuak antolatzeko, nola plazan urtean zehar egiten dituzten ekintzetarako laguntza izango dira Gazteriak emandako 60.000 euroak. 
Esker onak Udalari
  Elgoibarko Izarra kultur elkarteak eskerrak eman dizkio Elgoibarko Udalari: “Udalaren laguntza ezinbestekoa da Elgoibarko Izarraren proiektuak gauzatzeko, eta, aurrerantzean ere, bide beretik segitzeko asmoa azaldu nahi dugu. Izan ere, gure ustez, ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haur eta gaztetxoen aisia hezitzailea indartu, eta euskara eta euskal kultura gure herrian sustatu nahi baditugu", adierazi dute elkarteko arduradunek.
Diru-laguntzak eta proiektuak
  • BARREN astekaria eta elgoiBARREN.net webgunea: 57.600 euro (aurrekontu osoaren %22,19).
  • Aisialdia: 41.600 euro (aurrekontu osoaren %79,56).
  • Bestelakoak: (Tertuliak programa, Bertso jaialdia, Santa eskea, Ikastolen aldeko jaietarako autobusak, Udazkeneko kultur eskaintza) 7.000 euro (aurrekontu osoaren %37,10).
  • Atxutxiamaika egitasmoa: 60.000 euro (aurrekontu osoaren %54,47).