Euskotrenek autobus zerbitzu gehiago eskainiko ditu Debabarrenean

elgoibarren.net 2012ko api. 13a, 09:52

 
Garraio publiko zerbitzua hobetzeko asmoz, autobus zerbitzu gehiago eskainiko ditu Euskotrenek Debabarrenean. Hilaren 16tik aurrera, autobusen maiztasuna handitu egingo dute. Autobus geltokietako markesinetan jarriko dute ordutegi berrien informazioa datozen egunetan, erabiltzaileek kontsultatu dezaten.

 Datorren astelehenetik aurrera hainbat aldaketa egingo dira Debabarreneko eskualdeko autobus zerbitzuen ordutegietan, gaur egungo zerbitzu eskaintza hobetuz. Hain zuzen, erabiltzaile gehien dituzten autobus zerbitzuen maiztasuna aregoatu egingo da, besteak beste, Mallabia-Ondarroa, Eibar-Elgeta, Eibar-Soraluze-Mendaro eta Ermua-Azpeitia ibilbideak. Aldaketak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Sailaren eta Eusko Tren enpresaren arteko akordioaren bidez egin dira. 

  Hilaren 16tik aurrera, beraz, Elgoibartik Mendaroko ospitalerako autobusak hogei minuturo izango dira. Zapatuetan, berriz, Mallabitik 23:00etan aterako da azken autobusa Mendaroraino, eta 22:10ean Ondarroatik Ermuraino doana. Udan, bestalde, ordubetero egongo da Ondarroaraino joateko autobusa, astelehenetik ostiralera. Elgoibartik Azpeitira joateko eta etortzeko ere autobus bat gehiago izango da astean zehar, eta asteburuetan autobus kopuru berbera mantenduko da, baina ordutegi berriekin, zerbitzua eraginkorragoa izateko. Era berean, Eibar-Deba Express zerbitzua kendu egingo dute, erabiltzaile gutxi dituelako.

Debegesak garraio publikoa erabiltzera bultzatu nahi ditu eskualdeko herritarrak eta dei egiten die autobus zerbitzuaren erabiltzaileei aldaketa hauen berri izan dezaten. Hain zuzen, Debegesaren webgunean dituzte ordutegi berriak eskuragarri, www.debegesa.com, pdf formatuan, inprimatu ahal izateko.