Eskubaloia: Senior gizonezkoen igoera fasea Elgoibarren jokatuko dute

elgoibarren.net 2012ko api. 19a, 11:11

Sanloko iturriek jakinarazitakoaren arabera, senior gizonezkoen igoera fasea Elgoibarren jokatzeko eskaera onartu du Espainiako Eskubaloi Federazioak. Honenbestez, senior gizonezkoen zein emakumezkoen igoera faseak etxean, zaleen aurrean, jokatuko dituzte Sanloko Alcorta eta Tecnifuelle taldeek. Emakumezkoen igoera fasea apirilaren 27tik 29ra jokatuko da, eta maiatzaren 4tik 6ra bitartean gizonezkoena.


 Alcortak igoerako fasean izango dituen aurkariak ezagutzera eman ditu Sanlok: SD Oberena, Nafarroako txapelduna; BM Logroño, Errioxako txapelduna eta H. La Garriga Kataluiniako ligako bigarren sailkatua izango dituzte aurrez aurre Alcortako jokalariek.

Zaleen babesa ezinbestekoa izango da, beste behin ere.

Bueu (Pontevedra), Gijon (Asturias), Leganes (Madrid), La Cañada (Almeria) eta Melillan ere jokatuko dira igoera faseak asteburu horretan. Sektore bakoitzeko irabazleak zuzenean lortuko du Lehen Nazional mailara igoera. Era berean, bigarren postuan sailkatutako taldeek ere igoera lortzeko beste aukera bat izango dute. Elkarren aurka jokatu ostean, bi talderik onenek lortuko dute-eta igoera kasu horretan.
 
Lotura duten albisteak: