‘Elgoibar bakea eraikitzen’ ekimena bultzatuko du Elgoibarko Udalak

elgoibarren.net 2012ko api. 20a, 17:11

Euskal gizartean epe berria zabaltzen ari dela-eta, bizikidetza eta berradiskidetze kultura berria bultzatzea bakea garatuko eta sendotuko duen “lehentasuna” dela azaldu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Hau dela-eta, Elgoibarko Udalak bere ekarria egin nahi du eta ‘Elgoibar bakea eraikitzen’ ekimena bultzatuko du 2012an.


 “Bizikidetzaren eta baketzearen kultura berri baterako jarduera dugu hauxe, Lokarri-ren eta Baketik-en (goiko argazkian Jonan Fernandez) eskutik gauzatuko duguna”, azaldu du Alfredo Etxeberriak. Hamarkada askotan indarkeria, giza eskubideen urraketak eta samina nagusi izan ostean, gizartea adiskidetzeak lehentasuna duela gure herrian gaineratu du. “Elkar errespetatzeak eta onartzeak duen balioa berreskuratu nahi dugu, giza duintasunaren printzipioekiko konpromisoa oinarritzat hartuta”. ‘Elgoibar bakea eraikitzen’ ekimenaren bitartez berreskuratu nahi dituzte galdutako balio horiek. Eta helburu argi batekin: bakea atzeraezin bilakatzea eta errespetuan eta elkar onartzean oinarritutako bizikidetza lortzea.

Formazio saioak lehen urtean

 2012an hasiko da Udala ekimena bultzatzen, baina ez du amaiera epe zehatzik izango. “Gutxienez pare bat urtez” luzatuko dela uste du Etxeberriak: "Ez daukagu prisarik. Lehentasuna zintzotasunez eta arduraz jokatzea da”.
  Bestalde, egitasmoaren aurkezpen publikoa maiatzean edo ekainean egitea aurreikusten dutela aurreratu du. Estreinako urtean, berradiskidetzearen esanahia partekatzera bideratuko dute egitasmoa formazio-saioekin. Saio horietara elkarteak, alderdi politikoak, ikastetxeak, herritarrak eta zinegotziak gonbidatuta daude. Alabaina, inor ez dutela parte hartzera behartuko zehaztu du Elgoibarko alkateak. Udal barruan hasiko dira lanean, teknikari eta zinegotziekin. Ikastetxeen eta eragileen txanda izango da gero eta, azkenik, herritarrek hartuko dute parte prozesuan. Lekeition eta Urnietan ere jarri izan dituzte martxan era honetako ekimenak aurrez.

*Argazkia: goiena.net