Elgoibarko erdigunean “zortzi bat” edukiontzi marroi jarrita daudela jakinarazi du Ricardo Garate Hirigintza zinegotziak, eta aurki auzoetara zabalduko dute bihohondakinak jasotzeko sistema hori. “Maiatzean Santa Ana kaleko biribilgunean eta Santa Klarako komentuaren parean jarriko ditugu bi edukiontzi marroi berri, eta, ekainetik aurrera, gainerako auzoetan jarriko ditugu”. Garatek aurreratutakoaren arabera, kanpainaren amaieran 30 edukiontzi marroi edukiko ditu Elgoibarrek.
Edukiontzi marroiak jartzean, gainera, berde koloreko edukiontzietako batzuk kenduko dituzte. “Etorkizunera begira, lurrazpiko edukiontzietako bat marroiek egiten duten lanerako erabiltzea ere bada gure asmoetako bat”. Edukiontziak jarri ahala, bizilagunek eskutitz bat jasoko dute erabilpenaren inguruko informazio osoarekin.
Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatearen esanetan, “Birziklapen sistema edozein dela ere, etxeko birziklapena lantzean dago arrakastaren gakoa, eta Udala mezu hori zabaltzen saiatuko da”.
∞Lotura duten albisteak:
- Biohondakinen gaikako bilketan izena emateko aukera zabalik oraindik (2012-02-14)
- Aurki iritsiko da Elgoibarrera edukiontzi marroia, biohondakinak jasotzekoa (2012-01-13)