Iñaki Konde 60-64 urte artekoen kategorian lehiatu zen eta sailkapen nagusiko 1.037. postuan ailegatu zen helmugara. 14 ordu 58 minutu eta 39 segunduko denbora behar izan zuen Ironmanaren ibilbidea osatzeko, alegia, 3,8 km. igerian,180 km. bizikleta gainean eta maratoi bat (42,195 km.) antxitxika.
Guztira 1.377 lagunek amaitu zuten haizea eta euria protagonista izan ziren proba. Azkarrenak, Clemente Alonso (Zarauzko triatloiko 2011ko irabazlea), gizonezkoetan; eta, Natascha Badmann emakumezkoetan, izan ziren. Espainiarrak zortzi ordu eta 34 minutuan osatu zuen proba eta bederatzi ordu eta 47 minutuan 45 urteko suitzarrak. (ikus behin-behineko sailkapena)
Iñaki Kondek 2006an ere egin zuen Hegoafrikako Ironmana. Orduko hartan, 10 ordu eta 42 minutuan amaitzea lortu zuen. Hegoafrikatik etorri berritan, BARREN astekariari eskaini zion elkarrizketa irakur dezakezue hemen: BARREN 566. zenbakia (PDF).