Gatzatua egiten ikasteko tailerra Lehen Hezkuntzako umeei zuzenduta egongo da bereziki, baina nagusiek ere parte hartzeko aukera izango dutela azaldu du Agurtzane Etxaniz Debemeneko teknikariak. Nabarmendu duenez, “tailer oso praktikoa” izango da. Umeek eurek egingo dituzte gatzatuak, Udaleko eta Debemeneko teknikarien eta Mintxeta baserrikoen laguntzarekin, eta, gainera, etxera eraman ahal izango dituzte gero. Amaieran, euskal postre tradizional hau etxean egin ahal izateko errezeta ere banatuko diete parte hartzaileei. Artzaintza eta ardi gaztaren inguruko hainbat xehetasunen berri ere jasoko dute gaztetxoek, adibidez, ardi latxa arrazaren inguruko berezitasunak; nola dagoen lurraldera egokituta eta antzerakoak.
- 12:00etatik 14:00etara bitartean lau txanda egitea aurreikusten dute antolatzaileek. Izena ematea ez da beharrezkoa, Kalegoen plazara agertzearekin nahikoa izango da.
Gatzatu tailerraren ildotik, hileko azken zapatuko ferian baserriarekin eta landa eremuarekin zerikusia duten ikastaro trinkoak antolatzeko asmoa dute, hilero, Debemenek eta Elgoibarko Udalak. Talo tailerra, barazki eta lora landaketa, menbrilo tailerra eta sasoiko produktuekin sukaldaritza ikastaroak egitea aztertzen ari direla azaldu du Miriam Montero Udaleko teknikariak.