Mugertza krosa Estatuko hiru onenen artean dago

elgoibarren.net 2012ko api. 25a, 14:50

 
Atapuercako (Burgos) eta Italicako (Sevilla) kros boteretsuen segidan, hirugarren postuan, sailkatuta ageri da Elgoibarko Mugertzaren Oroimenezko Krosa, Espainiako Atletismo Federazioak argitaratu duen sailkapen ofizialean. Inoiz izan duen mailarik altuena da.


 Denboraldiko kros guztiak hartzen ditu kontutan Espainiako Atletismo Federazioak (RFEA) argitaratzen duen sailkapen ofizialak. Puntuaziorik altuena eskuratu duen krosak, Brgosen jokatzen den Atapuercakoak 4.754 puntu eskuratu ditu, 4.401 puntu Italicakoak eta 2.481 puntu Elgoibarkoak.
 Puntuak banatzerako orduan, krosetan parte hartzen duten atleten mailaz gainera beste hainbat gauza hartzen dituzte aintzat federazioko arduradunek, hala nola, behe-mailetako lasterketak bultzatu eta indartzeko egiten den ahalegina, probaren antzinatasuna, e.a. Detaile xumeagoak ere hartzen dituzte kontuan, harmailen parean ikusleei lasterketaren jarraipena errazpeko pantaila erraldoirik jarri den edo ez, esaterako.

Atleta afrikarrak eta antolatzaileak 2011ko krosaren aurkezpenean.

Orain arte egindako lanari saria
Mugertza krosaren antolatzaileek pozez jaso dute sailkapenaren argitarapenaren berria. Orain arte egindako lanaren saritzat hartu dutela adierazi dute Mintxeta Atletismo taldeko kideek. Federazioak krosari eman dizkion 2.481 puntu horiekin Elgoibarko krosak orain arte sekula lortu duen mailarik gorena lortu duela nabarmendu dute. “Krosa urtez urte lortzen ari den ospea eta bilakaera aitortzen ditu sailkapenak”. Sailkapen horri esker, maila Europearra mantendu ahal izango du datorren urteko Mugertza krosak.

 2013ko urtarrilaren 13an jokatuko da krosaren 70. edizioa. Mammo Woldek Elgoibarren estreinakoz korrika egin zuenetik 50 urte pasa direla ospatuko dute, gainera, 1963ko urtarrilaren 20an egin zuen-eta korrika atleta etiopiar mitikoak lehenengoz Elgoibarren.
Lotura duten albisteak: