Elgoibar Ikastolak erakusketa batean batuko du mende erdiko historia

elgoibarren.net 2012ko api. 25a, 19:15

Elgoibar Ikastolak 50 urte beteko ditu datorren maiatzaren 2an. Gabon Zahar azokan eman zioten hasiera urteurrenari, eta ordutik makina bat ekintza egin dituzte. Maiatza eta ekainerako ere ekitaldi sorta oparoa prestatu dute. Orain hurrengo, maiatzaren 2an, ikastolaren 50 urteko historia batzen duen erakusketa zabalduko dute Kultur Etxean. Ospakizun nagusia, hala ere, ekainaren 9an izango da.


 Argazki zahar eta berriak, idatzi historikoak, liburu zaharrak eta beste hainbat material ikusteko aukera izango da, maiatzaren 12ra arte, Kultur Etxeko erakusketa gelan, ikusgai izango den erakusketan. Aste barruan 18:30etik 20:30era egongo da zabalik, eta zapatuetan, 11:00etatik 14:00etara. Maiatzerako ekitaldi sorta oparoa prestatu dute ikastolakoek:
  • Kirolari ospetsuekin mahai-ingurua: Ikastolako ikasle izandako kirolari ospetsuekin mahai-ingurua antolatu dute maiatzaren 10erako, Inazio Bereziartua Musika eskolan. Momentuz, bi kirolari lotu dituzte: Markel Bergara futbolaria eta Egoitz Mora judoka.
  • Saskibaloia: Maiatzaren 19an, berriz, saskibaloi partidak jokatuko dituzte Kalegoen plazan, 3 x 3 formatuan. Adin eta ikastetxe ezberdinetako ikasleek parte hartu ahal izango dute.
  • Udal Musika Bandaren kontzertua: Maiatzaren 26an, Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du Kalegoen plazan, 20:00etan. Parte hartzea bilatuko duen kontzertua izango da, dantzan eta kantuan jarri nahi dituzte-eta ikusentzuleak.
Ospakizun nagusia ekainaren 9an
 Ekainaren 9an izango da, hala ere, 50. urteurreneko ospakizunen agendako egunik handiena. Herriko hainbat eragileekin batera jai egun handia antolatu dute egun horretarako. "Herrian hasi nahi dugu eguna eta herrian amaitu, 1977an ikastola berriaren inaugurazioan egin zen bezela". Elgoibarko musika eta dantza talde guztien laguntzaz ospatu nahi dute eguna. Goizean, Dultzaimneroen ekitaldiarekin hasiko da eguna, hildakoen omenezko ospakizuna egingo dute gero parrokian, absbatzaren laguntzarekin, eta harrera berezia egingo da ondoren udaletxean. Handik, Udal Txistulari taldeko kideen laguntzaz, Ikastolarantz abiatuko dira. Izan ere, Ikastolako patioan egingo duten bazkaria izango da eguneko ekitaldi nagusia.
Bazkarirako txartelak
 Bazkarirako txartelak ikastolako bulegoan, eta Tantaka eta Sua tabernetan erosi ahal izango dira eguenetik aurrera. Dena dela, maiatzaren 2an Kultur Etxean zabalduko duten erakusketan, eta Bankoan ere erosi ahal izango dira bazkari-txartelok (k.k. 01380020 15 0020618493. Kontzeptuan, menu kopurua eta izen abizenak adierazi behar dira). Nagusientzako txartelak hamar eurotan jarriko dituzte salgai, eta umeentzakoak zazpi eurotan.
 Antolatzaileek ekainaren 9rako prestatu duten jai horretan parte hartzera dei egin diete sorrerako pauso haietan eta urte guzti hauetan bidelagun izan dituztenei eta baita "euskara, euskal kultura eta Euskal Herria erreferentziatzat dituen hezkuntza egitasmora" batu direnei ere.
 
Lotura duten albisteak: