Zuhaitz Gurrutxagaren kontzertua, gaur, Kultur Etxeko sotoan

elgoibarren.net 2012ko api. 27a, 09:55

 
Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak kontzertua eskainiko du Vanpopel taldearekin, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Maiatzaren 26an, berriz, Rosario Floresen aurretik joko du Zarauzko Udaberrifest jaialdian. (bideoa dauka)

 
 

 Joan zen urrian aurkeztu zuen Vanpopel taldeak bere estreinako diskoa, eta ordutik kontzertuak ematen jardun du, han eta hemen. Hogei kontzertutik gora eman dituzte dagoeneko, baina bazeukala Elgoibarren joteko gogoa aitortu du Zuhaitz Gurrutxagak. Herritarren aurrean egingo du estreinaldia, gaur, 23:00etan, Kultur Etxeko sotoan eskainiko duen kontzertuarekin.

Udaberrifest jaialdia
 Martxan da jada Zarauzko Udaberrifest musika jaialdia, eta aurten ere hainbat estilotako musika kontzertuak entzun ahal izango dira. Horien artean Rosario Flores izango da izar nagusienetakoa. Lola Flores zenaren alaba gazteenak maiatzaren 26an emango du kontzertua Zarauzko Udal kiroldegian, eta, Zuhaitz Gurrutxagak egingo ditu atari lanak, Vanpopel taldearekin. Antolatzaileek izen handiko taldeak lotu dituzte aurtengorako, "prestigio handikoak" nor bere estiloan. Rosario Floresekin batera, Soziedad Alkoholika, Bizardunak eta Gatibu ariko dira aurten.