Elgoibarko Izarrako kideek, 11:00etatik aurrera, Elgoibarko baserritarrek eta hemen bertako harategiek emandako produktuekin egindako haragi-bola, txorizo, odoloste eta gazta eta irasagar pintxoak salduko dituzte, euro batean.
Gainerakoan, Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera izango da 9:00etatik 14:00ak bitartean. Eguerdian, eta hilabeteko azken feria egunez ohiko bihurtu denez, kale kantariak taldekoak (ondoko argazkian) irtengo dira kantura, eta ordu horretatik aurrera, arratsaldera arte, ganadu azoka egongo da Aita Agirre plazan (Plaza txikia).
•Errege kopako finalerako sarreren zozketa
Aurrekoez gain, Club Deportivo Elgoibarrek eta Herri Eskolako guraso elkarteak mahai bana jarriko dute Kalebarren plazan (Nafarroa Plaza). Club Deportivo Elgoibarkoek errifak salduko dituzte, eta errifak erosten dituzten guztien artean, maiatzaren 25ean Bartzelonak eta Athleticek jokatuko duten Errege kopako finalerako bi sarrera zozkatuko dituzte. Herri Eskolako guraso elkarteak, berriz, eskola publikoaren materiala salduko du.