Bertako baserrietako produktuak erosteko aukeraz gainera, herriko produktuekin egindako platerak eta pintxoak dastatzeko aukera izan zuten ferian ibili ziren lagunek, Elgoibarko Izarrak kudeatu zuen txosnan. Haragi-bola, txorizo, odoloste eta gazta eta irasagar pintxoekin gozatu zuten aho zapaia.
Gaztetxoenek ere izan zuten baserriko produktuak dastatzeko aukera Udalak eta Debemenek gatzatua egiteko jarri zuten tailerrean. Mintxeta baserriko ardi esnearekin egin zituzten gatzatuak umeek, Debemeneko bi teknikariren laguntzarekin, eta egindako lana bertan probatu edo etxera eramateko aukera izan zuten gatzatuak egiteko errezetarekin batera. Hemendik aurrerako ferietan hilero umeentzako tailer bat jarriko dute Debemenek eta Udalak elkarlanean.