Orain arte, Leruneko industriagunean lehenik eta Sigmakoan gero antolatu izan ditu Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari taldeak alebin eta infantil mailakoentzako lasterketak. Kadete mailara pasa arte, hau da, 15 urte bete arte, ez baitira errepidera irteten eta zirkuitu itxietan egiten dituzte lasterketak. Aurten, baina, baldintza hobeak eskaintzen zituela-eta, alebin eta infantilen lasterketak Mendaron egitea erabaki zuten. Mendaroko industriaguneek ibilbide luzeagoak prestatzeko aukeraz gain, txirrindularientzako segurtasun handiagoa eta lasterketa gainbegiratzeko aukera hobea eskaintzen dutela ondorioztatu zuten, besteak beste, asfaltoa egoera hobean dagoelako. Eta halaxe egiaztatu ahal izan zuten txirrindulari zein antolatzaileek joan zen zapatuan euripean jokatu zen Elgoibarko Txirrindulari Sarian. Etenik gabe euria egin zuen arren, arazorik gabe jokatu ziren bi probak.
Alebinetan, Lier Unzueta izan zen bizkorrena, eta Asier Azkaratek eta Mikel Orbeak osatu zuten podiuma. Alaitz Beloki izan zen parte hartu zuen neska bakarra. Josu Alvarez eta Mikel Astigarraga izan ziren gure ordezkariak proba horretan.
Infantiletan, Debabarrena, Debagoiena, Urola eta Goirriko txirrindulariak aritu ziren lehian eta Elgoibarko Lagun Taldeko zortzi kidek hartu zuten parte proban: Iban Carrascal, Ion Martínez, Ion Escolar, Juan Ocamica, Eneko Cerezo, Iban Rogel, Ion Astigarraga eta Imanol Alvarez. Azken honek, hain justu, lortu zuen garaipena Ekaitz Txintxurretari eta Anton San Juani azken metroetan aurrea hartu ostean. Ion Astigarraga bosgarren postuan sailkatu zen eta zortzigarren egin zuen Iban Riogelek. Hurrengo proba Bergarako Txirrindulari Saria izango da, datorren asteburuan.
∞Lotura duten albisteak:
Argazkiak: Lazkano eta A. Arriola.