Sagardoa izango da eguneko protagonista nagusia, bihar, Altzolan

elgoibarren.net 2012ko mai. 4a, 14:57

 
Sagardotegietan izan ohi den giroa sortu nahi dute bihar (maiatzak 5) Altzolan egingo duten Sagardotegi Egunean. Altzolako Zubibai elkarteak hurrengo hiru hilabeteetarako antolatu dituen ekintza sortako lehendabizikoa izango da sagardoa protagonista nagusia izango duen eguna.

 


 Altzola sagardotegi erraldoi eta ireki bihurtzeko asmoz, herri bazkaria antolatu dute frontoian (14:30). Sagardotegiko ohiko menua izango da: bakailao tortila, txorizoa, txuleta, eta gazta, menbrilo edo irasagarrarekin. Interesatuek apirilaren 29a orduko eman behar zuten izena, baina, hala eta guztiz ere, bihar goizean Altzolara gerturatzen diren guztiek sagardoaz, musikaz eta giroaz gozatzeko aukera izango dute.

Ekintzen egitarau oparoa
 Auzoko eta auzotarren arteko giroa eta jarduerak sustatzeko asmoz, hainbat ekintza antolatu ditu Zubibai auzo elkarteak. Arestian aipatu moduan, Sagardotegi Eguna izango da lehenbizikoa, baina Lambretta motoen bilkurarekin eta bigarren Tuning jaialdiarekin izango du segida.
  • II Lambretten Bilkura, maiatzaren 20an, domeka: Lanbretta konzentrazioa frontoian, Eibarko Lambretta elkartearen eskutik. Musika, pintxoak eta anbiente polita. 12:00etan.
  • II Tuning jardunaldia, uztailaren 7an, zapatua: Auto erakusketa, argi erakusketa, jokuak, musika eta sorpresak espero dira. 10:00etatik 23:00ak arte, Karmen Plazan.