Bestelako Elgoibar bat eraikitzea posible zela sinisten zuelako eman zion atxikimendua Bilduri Ainhoa Mendibilek, eta lan horretan jardun duela orain arte adierazi du. Arrazoi profesionalak tarteko, baina, Bilduko zinegotzi izateari laga dio, eta Maite Elizburuk beteko du bere lekua. "Jakin badakit Maitek ezin hobeto egingo duela bere lana. Are gehiago, emango diola Udalak behar duen gazte ikuspegia, nola feminista, bere jardunari. Ez da gainera guztiz berria honetan. Bilduk behin hauteskundeak igarota martxan jarritako lantalde herritarren artean, Maite ongizate lantaldeko kidea da, eta beraz, aspaldi lanean hasitakoa", adierazi du Mendibilek.
Zinegotzi kargua laga arren, lan militantea egiten jarraituko du Mendibilek, "Euskal Herriak bizi duen egoeran Euskal Herri libre eta feminista bat ezkerretik eraikitzeko", esan du.
•Aitor Agirrebeñak zinegotzi izateari uko egin dio Mendaron
Hortaz, apirilaren 26ko Osoko Bilkuran kargua hartu ostean, Jose Maria Zubierrementeriak hartu du Agirrebeñaren lekua. Zubierrementeriak izango dituen arduren artean hiru nabarmendu behar dira: Udal zerbitzu, langile eta mankomunitateko komisioko presidentea izango da, nekazal gaiekin lotutako komisioetan bokal lanak egingo ditu eta, azkenik, Mendarok Debemenen izango duen ordezkaria izango da.