Ekitaldi instituzional xume batekin omendu nahi izan zuen Elgoibarko Udalak Ovidio Campello, hiru legealditan PSE-EE alderdiak Udalean izan zuen ordezkaria. Galizia etxeko lehendakari karguan ere urte mordoa egin zituen Campellok eta makina bat bider tokatu zitzaion Semana das letras galegas jaiak antolatzea. Oraingo honetan, ordea, berak eginiko lana errekonozitzeko testuingurua izan ziren jaiak.
Galiziako Etxeen elkarteko Emudafeko (Elgoibarko Musika eta Dantza Federakuntza) eta Udaleko -zinegotzi guztiak barne- ordezkariek hartu zuten parte, barixaku arratsaldean, egin zuten omenaldi ekitaldian. Ovidio Campelloren bi semeak, Sergio eta Roberto, eta iloba bat ere bertan izan ziren. Esker oneko berbez gain, hainbat oroigarri jaso zituzten Ovidio Campelloren senideek eta eurek izan zuten Semana das letras galegas jaiei hasiera emateko ohorea. Behin zinta moztuta Galiziako produktu tipikoak dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Zapatuan eta domekan Galiziako produktu eta ohituren bilgune izan dira Plaza Txikia eta inguruak.
•Argazkiak: (gehiago Picasan)