CD Elgoibarko emakumeen taldeak eskura du Kopa Txapelketa

elgoibarren.net 2012ko mai. 8a, 19:53

Kopa Txapelketa izango du jokoan Klub Deportibo Elgoibarko emakumeen taldeak zapatu honetan (maiatzak 12) Urola taldearen aurka Mintxetan jokatuko duen norgehiagokan. Titulua eskuratzeko berdinketarekin nahikoa dute elgoibartarrek. Zaleen babesa ezinbestekoa izango dutela-eta, Mintxetako harmailak betetzeko deia egin diete jokalariek herritarrei.


 Liga txapelketan aurreneko postuetatik kanpo geratzen diren taldeek jokatzen dute Kopa Txapelketa eta Klub Deportiboko emakumeen taldeak denboraldiaren bigarren zati aparta egin du. Jokatutako partida guztiak irabazi dituzte, bi izan ezik: etxean berdindu zuten partida bat; eta, hain justu, zapatuan aurkari izango duten Urola taldearen aurka, joaneko partidan, Zumarragan galdu zuten partida da izan duten porrot bakarra.
 Gauzak horrela, Kopa Txapelketako lidergoan ailegatu dira azken jardunaldira, baina, kirolaren kontuak, lehen postua ken diezaieketen talde bakarraren aurka jokatuko dute azken partida erabakigarrira, bi puntura sailkatuta dago-eta Urola taldea. Lidergoari eutsi eta titulua eskuratzeko berdinketarekin nahikoa dute elgoibartarrek.

  Azken asteetan Olaizaga kiroldegian eskubaloiarekin gertatu den moduan, Mintxetako harmailak jendez gainezka ikustea gustatuko litzaiekeela esan dute jokalariek eta Mintxetara animoak ematera igotzeko dei egin diete zaleei.
Urolaren aurkako partida 18:15ean hasiko da.