Ikastolako ikasle izandako kirolari ospetsuekin mahai-ingurua egingo dute bihar

elgoibarren.net 2012ko mai. 9a, 11:28

Elgoibar Ikastolaren 50. urteurrena dela-eta, Ikastolako ikasle izandako kirolari ospetsuekin mahai-ingurua egingo dute bihar (maiatzak 10), Inazio Bereziartua Musika eskolan. Gogoratu, bestalde, ikastolaren 50 urteko historia batzen duen erakusketa maiatzaren 12ra arte dagoela ikusgai Kultur Etxean. Historiatik gaurkotasunera jauzi eginez, hainbat sari jaso ditu Elgoibar Ikastolak Kosmodisea ekimenean.



 Duatloi eta triatloietan aritzen den Ainhoa Lendinez, Egoitz Mora judoka, handbikean aritzen den Igor Elizburu, Markel Bergara futbolaria eta Unai Arrieta eskubaloi jokalaria batuko ditu mahai baten bueltan Elgoibar ikastolak, kirolari buruz berba egin dezaten. Guztiak dira elgoibartarrak eta Elgoibar Ikastolako ikasle ohiak. Mahaingurua musika eskolako auditorioan izango da, eguen honetan, 19:30ean hasita.

Elgoibar Ikastolak hainbat sari jaso ditu Kosmodisean

Aurten Kosmodisean parte hartu duten Elgoibar Ikastolako ikasleak.

Kosmodisea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuaren ekimena da. Pertsona ekintzailea izateko balioak eta trebetasunak bultzatzen ditu, betiere, talde-lanaz baliaturik eta Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) desberdinak erabiliz. Aurtengo edizioan Elgoibar Ikastolako zortzi taldek hartu dute parte ekimenean, LH3, LH5, DBH1 eta DBH3ko ikasleek, hain zuzen ere. Eta, horietatik lau talde saritu dituzte.
  • LMH5tik Elgokosmo taldea: 1go postua
  • DBH3tik Kosmopolittak taldea: 2. postua
  • LMH3tik Berdeak taldea: 3. postua
  • DBH1tik Elgokraks taldea: 3. postua
  Gainerako taldeak (LH3ko Mintxeta taldea, LH5ko Izarrak5, DBH1ko Eskolegak, DBH3ko Kosmodernoak), podiumetik kanpo geratu badira ere, aurreneko postuetan sailkatu direla adierazi dute Elgoibar Ikastolako arduradunek. Joan den maiatzaren 4an Donostiako Kursaal aretoan egin zen ekitaldian eman zuten aurtengo irabazleen berri.