Bi gizon atxilotu dituzte, gezurrezko pistola batekin beste gizon bati tiro egiteagatik

elgoibarren.net 2012ko mai. 10a, 14:54

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, bi gizonezko atxilotu zituzten atzo Elgoibarren, hirugarren lagun baten etxean indarrez sartu, eta, ustez, gezurrezko pistola batekin ondo-ondotik tiro egin ziotela-eta. Ertzainen lehen hipotesiak dioenez drogen kontu garbitze baten ondorioa izan da ustezko erasoa. Atxilotuek aurrekariak dituztela jakinarazi dute.


 Atzo (maiatzak 9) eguerdian atxilotu zituzten bi gizonezkoak Jausoro plaza inguruan eta Eibarko ertzain etxeko agenteek eta Elgoibarko udaltzainek hartu zuten parte atxiloketan. 38 eta 44 urteko bi gizonezko dira atxilotuak, eta biek zigor aurrekariak dituzte.
 
Salaketan jasota geratu den informazioaren berri ere eman du Herrizaingo Sailak. Elgoibarko etxebizitza bateko atea jo zuten bi gizonezkoek, 11:00ak inguruan. Barruko bizilagunak atea ireki zienean, bi gizonetako batek pistola batez apuntatu zuen eta hil egingo zuela mehatxatu ostean, tiro egin zion hurbil-hurbiletik. Tiroa jaso zuen laguna etxean sartu zen eta geletako batean gotortu zen, erasotzaileei sarrera eragotziz. Handik, garrasika eskatu zuen laguntza.

 Istiluen berri izan zutenean, ustezko erasotzaileak atxilotzeko helburuarekin bertaratu ziren Ertzaintzako eta udaltzaingoko agenteak. Erasoa jaso zuen gizonaz arduratu ostean, gezurrezko zenbait balaren kartutxoak topatu zituzten etxebizitzan eta ustezko erasotzaileen bila hasi ziren gero. Elgoibarko udaletxetik gertu topatu zituzten bi susmagarriak, 13:00ak inguruan. Udaltzainek bi lagunetako bat atzematea lortu zuten eta bigarrenak ihesari eman zion. Handik gutxira harrapatu zuten Ertzaintzako agenteek, Santa Ana kalean, Jausoro plazatik gertu. Gezurrezko pistolaren bila hasi ziren gero ertzainak eta zaborrontzi batean topatu zutela jakinarazi dute.

 Atxilotuak miatu zituztenean, estupefazientea izan daitekeen substantzia bat aurkitu zioten atxilotuetako bati.
Etxean indarrez sartzea eta gezurrezko armarekin mehatxu egitea leporatzen diete bi gizonezkoei. Ertzainen lehen hipotesiak dioenez drogen kontu garbitze baten ondorioa izan da ustezko erasoa.