Gorenak ‘Bateragune auzian’ emandako epai zigortzailea salatzeko manifestaziora deitu dute biharko

elgoibarren.net 2012ko mai. 11a, 10:01

Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzian emandako epaiaren "bidegabea" salatzeko eta auzipetuek libre behar dutela aldarrikatzeko, Arnaldoren aldeko herri ekimenak manifestazioa antolatu du biharko. 17:00etan hasiko da Kalegoen plazan (Plaza Handia), Arnaldo Askatu. Euskal Herriak Politika egiteko eskubidea! lemapean. Bestalde, Udaleko Bozeramaleen Batzordeak Bateragune auziaren aurrean hartu dituen akordioen berri eman du. Bilduk ez zuen parte hartu bileran. Besteak beste, kontzentrazio isil bat egiteko deialdia egin dute. Gaur (maiatzak 11) izango da, 19:00etan, Kalegoen plazan.


Astelehenerako, berriz, elkarretaratzera deitu dute, 19:00etan, Kalegoen Plazan.
Arnaldo Otegiren gutuna
Gutun batean azaldu ditu Arnaldo Otegik egun hauetan iritsi diren sententzien harira Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa analizatzerakoan "ahaztu ezin diren erreflexio batzuk". Bakearen etsaiek ez dutela Euskal Herrian irabaziko dio bertan. 
Bozeramaileen Batzordearen akordioak
  Udaleko Bozeramaileen Batzordeak bilera egin zuen atzo eta Bateragune auziaren inguruko akordio batzuk adostu zituzten EAJko bi ordezkarien aldeko botoekin, PPko ordezkariaren aurkako botoarekin eta PSE-EEko ordezkariaren abstentzioarekin. Bilduko ordezkariak ez zuen bozketan parte hartu. Gai honen inguruan Bilduk duen iritziaren berri jakiteko klikatu hemen.
 Estatu espainiarrak, “beste behin ere”, Euskal Herrian ireki den fase politiko berriaren aurkako norabidean urratsak ematen jarraitzen duela dio onartu zuten idatziak. “Izaera politiko nabarmena duen epaia eman du Auzitegi Gorenak; herri honetako gehiengo politiko eta sozialarentzat agerikoa izan zen iazko ekainean buruturiko epaiketak eta osteko epaiak, herri honetan ematen ari diren urratsak oztopatu eta baldintzatzea zuela helburu. Ideia politiko guztien defentsa eta antolaketa askeak bermatuak izan behar dutela aldarrikatzen du euskal jendarteak. Ondorioz, egoera berri honetan ez dago lekurik, behin betiko eten behar dute, bake eta aterabideen aurkako agenda politiko eta judizialek. Udal honek, beste behin ere, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintoren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen du”.
Martin Garitanoren adierazpenak
  Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto inolako baldintzarik gabe aske uzteko eskaerarekin, eta gogoratu nahi du herritar hauek gatazkaren konponbidean egin duten ekarpena. Adierazpen honekin gatazkaren konponbide demokratikoarekin duen konpromisoa berretsi nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

  Martin Garitano diputatu nagusiak adierazi duenez, “argi eta garbi esan beharra dago, berriro ere, Euskal Herrian ireki den normalkuntza politikoaren eta bakearen bidean oztopoak jartzen ari dela estatu espainiarra. Gure ustez, ebazpen hau atzerapausua da eta gure gizarteak, euskal jendarteak, ez du ulertzen ez eta onartzen ere. Horren aurrean esan behar dugu konpromisoa berresten dugula gure herriaren aurrean, aurrerapausuak ematen jarraitu ahal izateko”.