Maiatzaren 19an Azkoitian ospatuko da euskaldunon elkarteen Gunea Eguna

elgoibarren.net 2012ko mai. 11a, 14:51

 
Topaguneak, euskaldunon elkarteen federazioak, antolatu duen Gunea Egunak euskaldunon elkarteetako kideentzat bilgune izatea du helburu. Horretarako, egun osoko egitaraua antolatu du Azkoitian maiatzaren 19rako. Herri bazkarian izena emateko maiatzaren 14rainoko tartea egongo da.

 


 Esperientzen trukea eta jaia izango dira Gunea Egunaren protagonista. Herriko espazio ezberdinak hartuko dituen egitarau zabala antolatu dute eta Euskaldunon elkarteetako bazkide, militante eta langileei egin diete parte hartzeko deia, baita Euskal Herri osoko euskaltzaleei ere.

Esperientzien elkartrukea eta festa
 Bi eginkizun nagusi jarri zaizkio Gunea Egunari. Batetik, euskaldunon elkarteetako eragileek elkarren artean ideia eta egitasmo eredugarriak trukatzeko gune izan nahi luke Azkoitiako hitzorduak. Bestetik, auzolana eta elkarrekiko harremana protagonista izango dituen jai eguna ospatzea.
 Lehen eginkizuna betetze aldera, euskaldunon elkarteetan martxan dauden 25 egitasmo eredugarri aurkeztuko dira. Elkarteotako eragileek beraiek aurkeztutako egitasmoak izango dira, herri edo eskualde jakinetan sortuak eta beste herri batzuetara egokitu eta hedatzeko modukoak. Elkartekideek aukera izango dute bakoitzak egiten duena gainontzekoei erakutsi eta besteenak ezagutzeko. Era berean, euskaldunon elkarteek sortutako materiala ikusgai eta salgai izango da zenbait erakusmahaietan.
 Jai eguna ospatzeko ere baliatuko da Azkoitiako espazio ezberdinak hartuko dituen Gunea Egunak. Kultur adierazpenek egitarauan leku garrantzitsua izango dute eta herri bazkari bat ere egingo da (herri bazkarian izena emateko maiatzaren 14rainoko tartea egongo da). Jai eguna auzolanean antolatutakoa izango da, elkarteetako kideak parte hartzaile izateaz gain, boluntario izango baitira egun osoko jardueratan zehar. Ekarpen txiki askorekin osatutako egun handia ospatu nahi dute maiatzaren 19an Azkoitian.

Egitarau zabala
 Esan bezala, egitarauak esperientzien elkartrukerako aukera eskainiko du, baina horrez gain, jaiak ere tartea handia izango du. Adin ezberdinentzako osatu da egitaraua eta haurrek ere izango dute beren gune propioa.
  • 10:30.- Harrera ekitaldia (Oteiza pilotalekuetan)
  • 11:00.- 25 ideia on eta gehiago / (in)formazio pilulak / Umegunea (Oteiza pilotalekuetan)
  • 13:00.- Elkarteen azoka txikia (plazan)
  • 13:00.- Kantu Jira (plazatik)
  • 13:00.- Sukaldegunea (Kontzejupean)
  • 14:30.- Herri bazkaria (plazan)
  • 16:30.- Ekitaldia (plazan)
  • 17:00.- Erromeria (plazan)
  • 19:00.- Txaranga (herrian zehar)