Morkaikoren Eguna antolatu zuen zapatuan Morkaiko mendi taldeak bigarren urtez. Elgoibarko Mendi Itzuliak, Itzulitxoa eta Finalista Egunak bat egin zuten mendizaletasunaren jaian.
Goizeko 6:00etan abiatu ziren Kalegoen plazatik Elgoibarko Itzulian parte hartu zuten 237 lagunak. Elgoibartar eta mendaroar mordoxkak eta inguruko herrietako mendizaleek hartu zuten parte aurtengoan ere. Urrunagokoak ere bazeuden tartean, Kanadako lagun bat, kasu. Mendizaleek irteeratik izan zuten bidelagun lainoa eta egun osoan ez zuen egunak altxa. Dena dela, ibiltzeko giro aparta izan zutela aipatu zuten partaide gehientsuenek, beste urte batzuetan egin izan duen bero sargoria baino hobea zela nabarmendu zuten askok. Antolatzaileek dena ondo irten zela adierazi dute. “Kalamuako tontorretik Etxeberrirantz hasi ei ziren jaisten mendizale batzuk lainoarekin nahastuta, baina, osterantzean ez zen aparteko bidegaltze edo gertakaririk egon”. Elgoibarko Itzulitxoan, bestalde, 140 ume eta gurasok hartu zuten parte.
Bazkaltzera geratu ziren lagunak ere pozik geratu zirela azaldu dute Morkaikoko kideek. “Atxutxiamaikak antolatutako jolasetan ibili ziren gaztetxoenak eta gurasoek bazkaloste lasaiaz gozatzeko aukera izan zuten”.
Finalista Eguneko dominak ere banatu zituzten Morkaikoren Egunean (Ikus hemen: Finalista Eguneko sarituen zerrenda/PDF)