Arnaldo Otegi eta Bateragune auziko zigortuak libre lagatzeko exijitu zuten zapatuan

elgoibarren.net 2012ko mai. 14a, 16:14


Bateragune auzian Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia “zentzugabea” dela salatu zuten Otegiren aldeko herri plataformak zapaturako deitutako manifestaziora batu zirenek. (argazkiak eta bideoak dauzka)

 
 17:00ak pasa zirela abiatu zen manifestazioa Kalegoen plazatik, eta Auzipetuak askatu! Eta Prozesuaren aurkako erasorik ez lelopean!. Manifestazio buruan, eta Arnaldo Otegiren preso zenbakia zeraman pankartaren atzean, Arnaldo askatu, politika askatu plataformako kideak, eta ondoan, pankarta nagusiaren atzean, Gernikako Akordioa izenpetu zuten alderdi politikoetako ordezkariak.
  Atzetik, jende oldea, eta, tartean, jende ezagun ugari: ezker abertzaleko Pernando Barrena, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Maribi Ugarteburu, Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia; Amaiurretik Rafa Larreina, Maite Aristegi, Iñaki Antiguedad eta Alberto Unamunzaga; Aralarreko Rebeka Ubera eta Ainhoa Beola; Alternatiboko Ander Rodriguez,  Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismorako diputatua, eta Mertxe Aizpurua Gara egunkariko zuzendari ohi eta Usurbilgo alkatea, besteak beste. Manifestazio buruan ziren, era berean, Arnaldo Otegiren senide eta gertukoak ere.

 Bukaeran, Otegiren aldeko plataformako Iñaki Odriozolak hartu zuen hitza, manifestaziora  bildu zirenei eskerrak emateko, eta Mikel Olaizolak bertsotan erantzun zion epaiari, eta “Herri bat ez du isiltzen lau epaileren zaratak”, esanez bukatu zuen. Ondoren, Pernando Barrena igo zen oholtzara. Bateragune auziko epaia “bakearen kontrako ostikada” izan zela salatu zuen. “Ezker abertzalearen estrategia politikoari eta herri honen bake eta justizia nahiaren kontrako probokazio zuzena izan da”, esan zuen. Gorenaren erabakiaren atzean ezker abertzaleari min egiteko nahia dagoela nabarmendu zuen, eta mezu garbia bidali zien “asmo horrekin dabiltzanei”:  “Denbora galtzen ari zarete”.
•Argazkiak: (guztiak Picasan)