Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, Lokarriko Aitziber Blancok eta Baketik Fundazioko Jonan Fernandezek (goiko argazkian) atzo (maiatzak 15) aurkeztu zuten Elgoibar bakea eraikitzen egitasmoa eta, aurreratu zutenez, herritarrei zuzendutako aurkezpena eguen honetan, maiatzaren 17an, egingo dute. Udaletxeko Pleno aretoan izango da, 19:00etan. Ekimenaren bultzatzaileek adin eta sentsibilidade guztietako herritarrak gonbidatu dituzte.
Era berean, egitasmoa 2012 urtean garatzea aurreikusten dutela eta jarduera-ardatzak hiru lauhilekotan antolatu dituztela azaldu zuten udaletxean eman zuten prentsaurrekoan. Lehen lauhilekoan Udaleko kargu politikoei –dagoeneko egin dute-, teknikariei eta herritarrei aurkeztuko diete egitasmoa. Bakeari, bizikidetzari eta berradiskidetzeari buruzko agiria ere idatziko dute, ondoren herritarrei banatzeko. Bigarren lauhilekoan, berriz, bizikidetzaren berradiskidetzeari buruzko informazio eta formazio ikastaroak eskainiko dituzte. Gainera, foroen bitartez emango diete jarraipena ikastaroei. Azkenik, prestakuntza programa bat eskainiko dute herriko ikastetxe guztietako hezitzaileentzat. Horrez gain, aurrera begira egon daitezkeen iradokizunak jasotzeko, Open Space metodologia parte hartzailean oinarritutako saio ireki bat ere antolatuko dute. Amaieran, egitasmoari jarraipena emateko proposamenak jasoko dituen txostena egingo dute.
•Helburua eta eduki orokorrak
Lan programa honen helburua Elgoibartik euskal gizarte osoan bizikidetza eta berradiskidetze kultura sustatzen laguntzea dela azaldu dute sustatzaileek, honako irizpideak kontutan hartuta: Giza duintasunaren errespetuan eta desberdintasunaren elkarren arteko onarpenean oinarritzea; bakea modu itzulezinean sendotzea eta giza eskubideak bultzatzea; iraganaren memoria kritikoa garatzea eta biktimei elkartasuna eskaintzea; bizikidetzari dagozkion lengoaia, jarrerak eta erabakiak gizatiartu eta modu prebentiboan partekatutako oinarri etikoetan eta demokratikoetan hezten ahalbidetzea”.
•Ezaugarri ezinbestekoa: partekatua izatea
Bizikidetzaren berradiskidetzera bideratutako programaren ezaugarri ezinbestekoa partekatua izan behar duela da. “Hori lortzen ez badu ez du beteko zeukan helburua”. Ezaugarri horrek, gainera, “gure errealitatearen aniztasuna kontutan hartuz” konplexuago egiten du helburuak erdiestea. Programa honek zuhurtasun demokratikoaren irizpidea izan behar duela azaldu zuen Jonan Fernandezek. “Errealismoaren zuhurtasunak eta adostasun sozialek ahalbidetzen dute aurrera egitea”. Horrela, programa honen edukiak bi irizpide gidari horiek izango ditu ardatz: zuhurtasun demokratikoa eta sakontasun etikoa. Bi irizpide horirtatik abiatuta, urteko helburu bakarra bizikidetzaren berradiskidetzeari ekarri partekaturako eremua adostea izango da. Urte honetan garatzen den programaren emaitzen ebaluzioaren arabera, 2012. Urte bukaeran, hurrengo urteetarako lanerako jarraipen proposamena jasoko duen txostena prestatuko da.
- Informazio osoagoa: Elgoibar udal aldizkarian (PDF)