Kirol Udalekuak berrikuntzekin datoz aurten

elgoibarren.net 2012ko mai. 17a, 17:02

 
Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatzen dituen Udako Kirol Udalekuetan izena emateko epea zabalik dago. Aurten, gainera, berrikuntzekin datoz Kirol Udalekuak. Izan ere, 1997 eta 2000 urteen artean jaiotako ikasleek, estreinakoz, errendimendu handiko campus batean parte hartzeko aukera izango dute. Ekainaren 25ean hasi uztailaren 20an bukatuko dira Kirol Udalekuak.



 Bi zatitan bereizi dituzte aurten Kirol Udalekuak. Batetik, 2001 eta 2005 urteen artean jaio diren haurrek, aurreko urteetan bezala, egunero bi kirol egiteko aukera izango dute, astelehenetik barixakura, 9:30etik 12:30era. Jarduerek “helburu ludikoa” izango dute, eta, batik bat, jolasean oinarrituko direla azaldu du Udal Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mugicak.

Errendimendu handiko campusak

 Bestetik, 1997 eta 2000 urteen artean jaiotako ikasleek, estreinakoz, errendimendu handiko campus batean parte hartzeko aukera izango dute. “Sasoi onean egotea ezinbestekoa izango da eta egingo dituzten kiroletako arlo teknikoak aztertu eta sakonduko dituzte bereziki”, azaldu du Mugicak. Errendimenduko campusean parte hartzen dutenek, gainera, bi egun bakarrik izango dituzte atseden hartzeko, bigarren eta laugarren asteetako eguaztenak, hain zuzen ere. Campus horretako saioak astelehenetik barixakura izango dira (9:30etik 12:15era); hala ere, jarduera batzuk lehenago hasi, eta beste batzuk, berriz, beranduago bukatuko dira.
Prestatu duten programazioaren baitan, bi urpekaritza saio egingo dituzte Mintxetako igerilekuetan. Era berean, ondoko jarduerak ere izango dira: BTT irteerak (Irukurutzeta eta Arrate), spinning klaseak, tenisa, pilates, atletismoa, futbola (Realeko jokalari baten partaidetzarekin), eskubaloia, herri kirolak, igeriketa (crawl eta bizkar estiloak hobetzeko saioekin) eta mendizaletasuna. Horretaz gain, azken egunean duatloi bat egiteko asmoa dute antolatzaileek.

Prezioak eta izen ematea
 Campusean parte hartu ahal izateko ordaindu beharreko matrikularen prezioa 95 eurokoa izango da (85 euro Udal Kirol Patronatuko bazkideentzat). Olaizaga kiroldegian eman ahal izango da izena.