Marea gorriak hartuko ditu asteburuan Olaizagako harmailak

elgoibarren.net 2012ko mai. 18a, 10:04

 
Gaur hasi eta domekara bitartean jokatuko du Alcorta eskubaloi taldeak Lehen Nazional mailara igotzeko kanporaketa, Olaizaga kiroldegian. Sanloko arduradunek zaleen babesa eskatu dute eta gorriz jantzita joan daitezela eskatu diete. B.M. Leganes Madrilgo taldearen aurka jokatuko du Alcortak lehen partidua, gaur, 19:30ean.
 


 Lehen Nazional mailara igotzeko bigarren aukera izango du Alcorta eskubaloi taldeak asteburu honetan, Olaizaga kiroldegian. Lehen kanporaketako sei talde onenek jokatuko dute bigarren fase honetan. Hiruko taldeko bi multzo egin dituzte, eta multzo bakoitzeko irabazlea igoko da mailaz. Elgoibarko taldeak BM Leganes (Madril) eta Catedra 70 (Malagon, Ciudad Real) taldeak izango ditu aurrez aurre (ikus hemen: partiden ordutegia).
 Cesar Arriola Sanloko presidenteak esandakoaren arabera, ez dakite bi talde horiek nolako maila daukaten, eta, beraz, garrantzitsuena Alcortak ondo jokatzea izango da bere ustez.

Zaleen babesa eta ikusle onaren dekalogoa

 Hiru egunez goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izango dute elgoibartarrek Olaizaga kiroldegian. Sanlok zaleen beharra nabarmendu du, eta kiroldegira joateko deia egin die. Denboraldi osoan zehar babes handia eskaini diete herritarrek, eta klubeko presidentearen iritziz, lehen mailako zaleak ditu Sanlok.
 Ikusle onaren dekalogoa ere badauka Sanlok.
  1. Garaipena bakarrik ikusteko prest dagoenak galtzen ikusteko arriskua du.
  2. Sarreraren prezioaren barruan ez da sarzten irainaren makurkeria.
  3. "Forofo" izateak buru argitasuna iluntzen du.
  4. Ez zaitez ezkutatu masaren anonimotasunean, jarrera duina izan.
  5. Lagundu eta animatu, ez zikindu inoren izen onik.
  6. Baloratu merituak, norenak diren kontutan hartu gabe. Txalotu jokaldsi bikainak, aurkariarenak badira ere.
  7. Urrundu zaitez jarrera bortitzak eragiten eta bultzatzen dituztenengandik.
  8. Joko-arauak ezagutzen badituzu objetiboagoa izango zara.
  9. Lana eta ahalegina har itzazu kontuan, ez emaitzak.
  10. Kiroletako aurkaria ez da arerioa.

{youtube}aXeQfCVQJdA&feature=player_embedded{/youtube}