Lambretta motoen topaketa egingo dute Altzolan, domekan

elgoibarren.net 2012ko mai. 18a, 11:34

 
Lambretta motoen zaleek aukera paregabea dute historia handiko moto horien inguruan hainbat xehetasun ikasi eta baita gainean ibiltzeko ere, Zubibai elkarteak domeka honetarako (maiatzak 20) antolatu duen Lambreta motoen bigarren topaketan.




 Eibarko Lambretta elkartearen eskutik ailegatuko dira motoak Altzolako pilotalekuraino. Motozaleek ospe handiko ibilgailu hauen inguruko hainbat azalpen emango dituzte, hala nola, Lambretta etxeak egin izan dituen modelo ezberdinak, motoek izan duten bilakaera, dituzten berezitasun nagusienak eta beste hainbat kontu azalduko dituzte. Halaber, motoak probatzeko aukera ere eskainiko dute Eibarko Lambretta elkarteko lagunek. Antolatzaileek era horretako motorrekiko zaletasuna dutenak bertan parte hartzera animatu dituzte.
 12:00etan izango da hitzordua, Altzolako pilotalekuan.

1706638307141 Lambretta motoen topaketa egingo dute Altzolan, domekan

1706638307216 Lambretta motoen topaketa egingo dute Altzolan, domekan


Eibarko Lambretta fabrika *
 Lambretta Locomociones SA 1952ko uztailean eratu zen, Alfak, beste asmo batzuk baztertu ondoren, bere produkzioa askotarikotu eta scooter bat fabrikatzeko erabakia hartu eta burutu zuenean. Ministerioaren baimena 1953. urtean jaso zuen, eta orduantxe hasi zen Otaola hiribidean gaur egun ere ezagutzen dugun eraikin handi hura jasotzen. Zailtasun teknikoei aurre egin nahian, Ingalaterra eta Belgika aldera joan ziren fundizioko lanabesak eta lan-moduak motoendako piezak egiteko prestatu nahian. Alfako fundizioa 1952an inauguratu zen. 1953an kaleratu zen aurreneko lambretta eta baita "Cil" bizikleta ere; merkaturatzeko, josteko makinei esker lehendik zegoen banaketa-sarea erabili zuten.
1964ko urtarrilean iritsi ziren 100.000eko moto-kopurura, baina urteak pasa ahala salmentak behera zihoazen automobila indarra eta aurrea hartzen ari zelako (1957ko ekainean atera zen lehenengo Seat 600ª). 1968an Lambretta gutxi saldu ziren; horren aurrean, Honda etxearekin kontratu bat izenpetu zuten hango modelo batzuk hemen egiteko.
 1970eko ekainean, Administrazio Kontseiluak ezinezkotzat jo zuen aurrera egitea: 4.000 Lambretta eta 3000 honda zeuden fabrikan gordeta, saldu ezinda; zerbait egin behar eta prezio ezin merkeagoan saltzea erabaki zuten; krisialdi-espedientea irekitzea. 1971ean, 1.000 moto saldu zizkioten New Yorkeko poliziari; beste 1.000 Ingalaterrara saldu ziren: ez zen gauza asko baina zerbait bazen. Baina Hondak ez zuen irabazirik uzten: fabrika behera zihoan 168 behargin zituela. 1975ean krisia benetan latza da, 1977an beharrik ez eta hiru laneguneko astea jarri zuten, eta azaroan ezin egin aurre soldata-ordainketari.
 Lambretta hilzori etengabean egon zen 80 hamarraldiaren erdi alderaino, orduan itxi zituen ateak betiko. Gaur egun, eraikin hartan, Ertzaintza, merkataritza-lokalak eta tailerrak daude. (*Iturria: egoibarra.com)