Alfredo Etxeberria alkateak Herri Eskola, Ikastola, Arreiturre, B.H Institutua eta Meka GLBHI zentroetako ordezkariekin sinatu du, gaur goizean, lankidetza hitzarmena. Diruz laguntzen diren programek honako gaiak lantzen dituzte: balioak, drogamenpekotasunen prebentzioa, hezkuntza afektiboa eta sexuala, elikadura egokiaren eta ariketa fisikoaren onurak, sexu indarkeriaren prebentzioa, ingurumena eta mugikortasuna e.a.
•Gazteria arloko politiken xedea
Elgoibarko Udaleko Gazteria arloko politiken xedea azaldu dute arduradunek, eta ondorengoa da: “udalerriko haurrei, nerabeei eta gazteei garatzeko aukera eta haurtzaroaz, nerabezaroaz eta gaztaroaz egonkortasunez eta jarraikortasunez gozatzeko aukera eskaintzea, garai horiek dituzten bi arloetan”.
Berezko balioa eta esanahia duen bizitzako garaia dela nabarmendu dute. “Garai honetan, pertsona bakoitza bere bizitzako protagonista, herritar-eskubideen subjektua eta giza ehunduraren ezinbesteko atala da. Heldutasunari, ikaskuntzari, gaitasun pertsonalei eta gizarte loturei esker, emantzipazio prozesu progresiboa dakarren garaia. Garai hau heldutasunerako trantsizio arrakastatsua eta atsegina da, eta bertan, erabakiak hartzeko, eta bizitzako proiektu pertsonalak abian jartzeko autonomia mailarik gorena eskuratzen da”.
Prozesu horretan laguntzeko, ezinbestekoa dela haur, nerabe eta gazte horien heziketaz arduratzen diren beste sistemekin elkarlanean jardutea gaineratu dute. Horiek horrela, Gazteria arloak norbanakoen giza garapenaren baitan, osasunerako heziketa emateko ardura du, hezkuntza sistemarekin batera. Beraz, hasieran aipatu moduan, udalerrian ikasleen artean osasunerako hezkuntza sustatu nahirik, irakaskuntzaren esparruan osasunaren hezkuntza landuko duten programak garatzeko laguntza eman nahi du Udalak.
∞Lotura duten albisteak: