Berdintasuna nagusi Olaizagan

elgoibarren.net 2012ko mai. 19a, 21:58

Berdinduta amaitu dira Lehen Nazional mailara igotzeko kanporaketan, orain arte, Olaizaga kiroldegian jokatu dituzten partidak: Atzo, 26na berdindu zuten Alcortak eta BM Leganesek; gaur 31na berdindu dute Catedra 70k eta Leganesek.
Alcortak eta Leganesek, bihar, 12:00etan, jokatuko duten partidan apurtuko da berdinketa eta, era berean, maila igoera lortuko duen taldearen izena argituko da. Momentuz, lehian dauden hiru taldeek dituzte aukerak.

  Ezin zaio emozio gehiagorik eskatu Alcorta Forging Group, BM Leganes eta Catedra 70 taldeak Olaizaga kiroldegian jokatzen ari diren igoera faseari. Elgoibartarrek eta madrildarrek barixakuan jokatu zuten estreinako lehia ezin parekatuagoa izan zen, eta markagailuan elkarri aurrea hartu ezinda ibili ziren norgehiagoka guztian. Atsedenaldira 12-13 ailegatu ziren madrildarren alde, baina bigarren zatian berdintasuna izan zen protagonista nagusia eta 17na eta 22na berdinduta joan ostean, 26nako berdinketarekin amaitu zen partidua.

 Leganesek eta Ciudad Realeko Catedra 70 taldeek gaur arratsaldean Olaizagan jokatu duten partidua ere berdinduta amaitu da, baina madrildarrek eraman dute partidaren agintea azken txanparaino. Atsedenaldian bi goleko errenta zuten madrildarrek eta partida amaitzeko hogei minuturen faltan lau golekoa zen aldea. Alabaina, Gaztela Mantxakoen azken ahaleginari esker, 31na berdintzea lortu dute.

 Bihar (maiatzak 20) jokatuko den partidan, hortaz, eskura izango du Alcortak igoera lortzeko aukera. Zaleen aurrean jokatuko duen partida irabaziz gero, igoera lortuko du, eta berdinketarekin ere, sartutako golen arabera, izango luke aukerarik igoera lortzeko. Argi dagoen gauza bakarra, jokalariek zaleen babesa sekula baino gehiago eskertuko dutela da, aukera paregabea baitute balentria lortzeko. Gal ezin daitezkeen partida horietako bat aurreikusten da Olaizagan, elgoibartarren gotorlekuan.
  • Informazio osoagoa: sanlo.net
  • Partidak minutuz minutu jarraitzeko: https://twitter.com/#!/elgoibarkosanlo
 
*Argazkia: sanlo.net