Debabarrenako IV. BTT Martxak badu eguna, uztailak 1

elgoibarren.net 2012ko mai. 21a, 15:33

Debabarreneko IV. BTT Martxa datorren uztailaren 1ean egingo da, domekan, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko, ekainaren 26ra arte. Bi ibilbideren artean aukera egin ahal izango dute bizikleta zaleek, 25 km-koa bata eta 45 km-koa bestea, biak ere Karakate mendian.


  Debegesa Garapen Agentziak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eskualdeko BTT kluben laguntzarekin antolatuta, Debabarreneko IV. BTT Martxa uztailaren 1ean egingo da, domekan. Helburua partaide guztiei, bertakoei zein kanpotik etorritakoei, mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea da eta Debabarreneko BTT Zentroak dituen “ibilbide ikusgarriak” ezagutzera ematea.
Martxa herrikoia da, ez lehiakorra, eta antolatzaileak buru-belarri ari dira dena antolatzen. Aurten 400 partaide inguru biltzea aurreikusten dute.

Sariak izena azkarren ematen dutenentzat
Izena emateko epea zabalik da dagoeneko, ekainaren 26ra arte. www.debabarrenaturismo.com web gunean dago eskuragarri informazio osoa, baita izena emateko orria ere. Uztailaren 1ean ere izena emateko aukera egongo da, lehenago plazak agortu ez badira. Hala, bizikleta zaleek aurrez izena eman dezaten sustatzeko, sariak zozkatuko dira ekainaren 26a baino lehen izena ematen dutenen artean, horien artean, asteburu pasa bi lagunentzat eskualdeko hoteletan eta bi lagunentzat dastatze menuak.
Goizeko 9:00etan hasiko da martxa. Abiapuntua eta helmuga Debabarreneko BTT Zentroak Elgoibarko Mintxeta Kirol Gunean duen harrera puntuan kokatuko da. Urtero legez, bi ibilbideren artean egin ahal izango dute aukera bizikleta zaleek: bata laburra, 25 kilometrokoa eta bestea luzea, 45 kilometrokoa. Biak ere Karakate inguruan.
Antolatzaileek bazkaria ere antolatu dute bertaratzen diren guztientzat, eta izena emateko orrian adierazi beharko da tokia gordetzeko.
Gainera, parte hartzaile guztiei oparituko zaizkie Mintxetako estali gabeko igerilekuetarako hiruna sarrera, egunean bertan erabiltzeko.

1706638304360 Debabarrenako IV. BTT Martxak badu eguna, uztailak 1

Spinning saioa
 Berrikuntza modura, parte-hartzaileekin batera hurbiltzen diren lagunentzat spinning saioa antolatu da, goizeko 9:30etan, itxaronaldia arintzeko.
Partaide guztien artean sari ugari zozkatuko dira, eskualdeko alojamendu, jatetxe eta kirol dendek, Elgoibarko Kirol Patronatuak eta Euskal kostaldeko Geoparkeak eskainita: bazkari edota afariak, egonaldiak hotel edota nekazal turismoetan, kirol materiala, bisita gidatuak, produktu gastronomikoak, e.a.