Ikasleen bertso jaialdiak gaur eta bihar Herriko Antzokian

elgoibarren.net 2012ko mai. 22a, 13:52

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, ikasturte hasieran, jarraipena eman dio Elgoibarren ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoari. Proiektu hau Elgoibarko Udalak finantzatutakoa da. Guztira, 247 ikasle ari dira ahozkotasuna eta bertsogintza lantzen ikasturte honetan. Urtean zehar ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera izango dute, gaur eta bihar, Herriko Antzokian eskainiko dituzten kurtso bukaerako jaialdietan.


 Aurtengoa proiektu honen zazpigarren edizioa izan da, eta bertan parte hartzen duten ikasleek, astean, ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, horretarako bitarteko tresna bertsoa izan dutelarik. Saioen gidari izan da Iñaki Gurrutxaga bertsolaria. Herri Eskolako 4. eta 5. mailetako ikasleak, Ikastolako 5. eta 6. mailetakoak eta Institutuko DBH 1eko ikasleek jardun dute egitasmo horren baitan.

Bertso Jaialdia

Honako argazkian (eta goikoan) Iazko bertso jaialdiko une bat.

Proiektuak ikasturte osoko iraupena izan du, eta bertan jardun duten ikasleek bertso-jaialdi bat egingo dute, herritarren aurrean, urtean zehar egin duten lanaren erakusgarri bat eskaintzeko.
  Kurtso bukaerako jaialdiak gaur (maiatzak 22) eta bihar  izango dira 18:30ean Herriko Antzokian. Gaurko jaialdian Ikastolako 5-6. mailetako eta Herri Eskolako 5. mailako ikasleek jardungo dute bertsotan, eta eguazteneko saioan Herri Eskolako 4. eta Institutuko DBH1eko ikasleak.
Saioetan Elgoibarko Bertso Eskolako ikasle-irakasleak ere izango ditugu bat-batean kantari.

Dohainik
  Bertso-jaialdirako sarrera doan da, beraz, Udaleko Euskara Sailak gonbite berezia egin nahi die proiektu honetan parte hartu duten ikasleen gurasoei euren seme-alabek ikasturtean landutakoaren emaitza ikustera joan daitezen.