
Gabriel Kurutzelaegi kalean sortzen diren trafiko arazoak arintzeko sortuko dituzte aparkatzeko plaza gehiago Elgoibar Ikastolaren parean. Gaur egun 14 aparkaleku inguru daude eta lanak amaitzean 30en bat plaza izango direla aurreikusten dute udal agintariek. Aparkalekuak egiteko lekua, besteak beste, ikastolara igotzeko bide hasieran dagoen txikanea kenduz lortuko dutela azaldu dute. 100.000 euro inguruko aurrekontua izango dute lanok eta obrak abuztuan egingo dira.
•Trenbide gaineko pasabidea urte amaieran
Gabriel Kurutzelaegi kalea eta Melitongo zubiaren aurrean dagoen trenbide azpiko bidea lotzeko lanak, eta, era berean, Toletxe parean trenbidea gainditzeko bi igogailu eta pasabide bat eraikitzeko lanak urte amaierarako hasteko moduan izango direla aurreratu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak.

Eusko Trenbide Sareak erakundeak pasabidea egiteko lanen erdia ordainduko duela azaldu du Etxeberriak, Elgoibarko Udalak eta ETSk adostu duten hitzarmena aipatuz. Hortaz, Udalak eta lanok egiteko ardura izango duen Gure Txoko enpresa etxegileak aurrez adostuta zuten hitzarmena aldatu beharko dutela gaineratu du Elgoibarko alkateak. “Hitzarmena aldatzearen ondorioz, berriz egin beharko ditugu tramite guztiak eta Osoko Bilkuraren babesa jaso beharko dute, beste behin. Gabonetarako lanak hasteko moduan izango garela uste dugu”.