Errenteriaren aurka jokatuko du Elgoibarrek Herri Arteko pilota txapelketan

elgoibarren.net 2012ko mai. 24a, 13:30

Gipuzkoako Herri Arteko Pilota txapelketako final zortzirenetan egingo dute debuta pilotari elgoibartarrek, Errenteriaren kontra. Joaneko partidak Errenteriako Fanderiako pilotalekuan jokatuko dituzte, zapatu honetan, 17:00etatik aurrera. Pilota kontuekin jarraituz, emakumeen bigarren pala txapelketa antolatu du 10 Bai taldeak eta maiatzaren 30era arte eman daiteke izena.



 Elgoibarrek eta Errenteriak jokatuko duten kanporaketako itzulerako partidak, bestalde, ekainaren 3an jokatuko dituzte Elgoibarren. Kanporaketa gainditzen duen herriak Arrasatek eta Hernanik jokatuko duten kanporaketaren irabazlearen aurka jokatuko du final laurdenetan.
Iaz, hain justu, final laurdenetaraino ailegatu ziren pilotari elgoibartarrak, baina Azkoitiak kanporatu zituen.
Gipuzkoako Herri Arteko Pilota Txapelketaren 2012ko ekinaldia 18 herrik hasi zuten maiatza hasieran. Finala uztailaren 8an jokatuko da.

1706638298635 Errenteriaren aurka jokatuko du Elgoibarrek Herri Arteko pilota txapelketan

Emakumeen bigarren pala txapelketa
 Emakumeen pala txapelketa antolatu du 10 Bai taldeak bigarren urtez jarraian. Iaz, estreinako edizioan, hamar bikote aritu ziren eta Lara Urainek eta Itsaso Alguacilek irabazi zuten txapelketa. Izena emateko epea maiatzaren 30ean bukatuko da. Iturri, Iratxo, lanbroa eta Toletxe taberneta eman daiteke izena. Ekainean hasiko da txapelketa.