Erreminta makinari buruzko hiztegia osatu du Danobat Kooperatibak, eta Interneten eskegi du

elgoibarren.net 2012ko mai. 25a, 09:00

 
Lan eta bizi euskaraz, eta hortara goaz. Halaxe dio Danobaten leloak, eta bistan da aukeratutako leman sinisten dutela. 2003an langile batzuen ekimenez atera zuten Hiztegi Teknikoa eta 2004an Danobat Kooperatibaren 50. urtemugaren harira argitaratu zuten Tailerreko Eskuliburu Teknikoa euskara hutseko liburuak oinarri hartuta, makina erremintaren gaineko hiztegia osatu dute orain, eta Interneten eskegi dute, nahi duen guztiak kontsultatu edo jaitsi dezan.

 

 Danobat kooperatiban elkarlanean egindako lanaren uzta da hiztegia, egunerokoan sortu ohi zaizkien zalantzei eta euskararekiko duten konpromisoari erantzuteko sortua.
 Danobat kooperatibako euskara batzordearen bilera batean sortu zitzaien hiztegia sortzeko ideia, eta euskara batzordeko kideak eurak arduratu dira hiztegirako terminoak batzeaz, besteak beste Deñe Zabalo euskara teknikariaren laguntzarekin. "Danobateko hiru lan arloetako langile bana izendatu genituen zeregin horretarako, baina ez dira bakarrik aritu. Hiru lagun horiek eta nik neuk beste langile batzuk ere inplikatu ditugu gero nork bere inguruan, dela zuzenketak egiteko edo irudiak biltzeko", zehaztu du Deñe Zabalok [Euskara batzordea bera eta hortik sortu diren proiektuak 1998. urte bukaeran indarrean jarritako Euskara Planaren baitan ulertu behar dira].
 Hiztegirako terminoak artezketa, tornu eta ebaketa eta zulaketako makina modelo batzuetako plano mekanikoetatik hartu dituzte langile horiek. Era berean, baina, Danobatek 2003. urtean argitaratutako hiztegiko berbak eta 2004. urtean kaleratutako eskuliburu teknikoko hitzak ere jaso dituzte. Horrezaz gain, hiztegian agertzen diren berba batzuek zeinu bat ere badute ondoan, eta zeinu horretan klik eginda, termino hori agertzen den irudira eramango gaitu Interneteko aplikazioak. Hala, artezteko makinak, tornuak eta ebaketa eta zulaketako hainbat makinen irudiak ere aurkituko ditugu hiztegian, makina jakin horren atalen izendapenekin.

Hiztegia, etengabe osatzen
 Hiztegia osatu dute, baina lana ez da hemen amaitu. "Hiztegi hori osatzen eta berritzen joango gara", adierazi du Deñe Zabalok. Hiztegia aurkezteko webgunean ere halaxe jaso dute: "Orain arte egindako lan hau osatzeko aurrera begira beste arlo batzuetako hitzak sartzen joateko aukera izango dugu, adibidez, fibra edo eskema elektriko eta fluidoetako terminoak".
 Enpresako organoetan aurkeztu dute dagoeneko hiztegia, eta atzo ziren langileei aurkeztekoa. Datorren astean, berriz, DanobatGroup taldeko euskara batzordean aurkeztuko dute, eta gero euskara batzorde horretako kide bakoitzak bere kooperatiba edo enpresan aurkeztuko du. Astelehenetik aurrera, berriz, Barakaldoko BEC erakustazokan ere jarriko dute ikusgai, BIEHM erreminta makinaren biurtekoan DanobatGroupek jartzekoa duen erakusmahaian, hain justu ere. Pantaila batean erakutsiko dute hiztegia, eta erakusmahaian orain arte egindako gainerako lanak ere jarriko dituzte, estimazio handia izan dutelako lanbide heziketako ikastetxeen eta enpresen artean.