Markinan bigarren geratu ostean, aurrera egiteko aukerak ditu Urain eta Salegi bertsolari bikoteak

elgoibarren.net 2012ko mai. 28a, 12:37

Joan den zapatuan jokatu zen XI. Plazatik Gaztetxera txapelketako hirugarren kanporaketa Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Eta epaiak eskualdeko bikoteari eman zion finalerdietarako txartela: Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrari eta Xabat Galletebeitia lekeitiarrari. Aitor Salegirekin bikotea osatu zuen Aitzol Urain mendaroarrak saio bikaina osatu zuen eta bigarren amaitu zuten azken sailkapenean. Honenbestez, hurrengo fasera sailkatzeko aukerak dituzte oraindik, puntuaziorik onena duten lau bikoteak ere sailkatuko dira-eta hurrengo faserako. (saioaren kronika dauka)



 Markina-Xemeinen bigarren urtez egin da aurten plazatik gaztetxera, eta oraingoan ere ez zuten entzuleek hutsik egin. 100 lagun inguru batu zen gaztetxean eta antolatzaileen berbetan “giro itzela” piztu zen denen artean. Markina-Xemeingo asanbladak prestatutako afariaren ostean, Plazatik Gaztetxerak eginiko Bertsoklipa ikusteko aukera izan zuten bertara hurbildutakoek. Bideoaren ostean, txalo artean igo ziren bertsolariak oholtza gainera.
 Ondo hasi ziren zortziko handiko ariketan bertsolariak. Aipatzekoa Iñaki Viñasprek eta Aitzol Urainek egin zuten ariketa: harremana amaituta eduki arren, hipoteka dela eta elkarrekin bizi beharra daukaten bikotearen paperean jarri zituen gai jartzaileak. Zortziko txikian fin aritu ziren lau bikoteak, publikoaren txalo zaparradak lortuz. Aitor Salegi eta Xabat Galletebeitiaren zortziko txikiko saioak zeresana eman zuen saio osoan. Parranda ostean komunean amaitu zuten elkarrekin, eta irtetean taberna itxita topatu zuten. Gaztetxea barrez jarri zuen bikoteak.
Kopletan ere umoretik jarraitu zuten bertsolariek. Maite Solozabal eta Xabat Galletebeitia beste bertsolariei buruzko zurrumurruak asmatzen aritu ziren. Ugaitz Beristain eta Aitzol Urain elkarren herriei buruz zer dakiten azaltzen jarri zituen gai jartzaileak. Mendarokoak eta azkoitiarrak publikoaren erantzun ederra jaso zuten.
Koplen ostean etorri ziren bakarkakoak. Ideia politak atera zituzten bertsolariek gaztetxeari buruz, emakumeek jokatuko duten euskal selekzioaren partidari buruz, manifestazioei buruz eta euskal musikari buruz.
Lau taldeek egin beharrekoa amaituta, publikoaren botoak kontatu artean, puntuka aritu ziren zortzi bertsolariak.

Publikoaren bozka Salegirentzat eta Urainentzat
 Buruz burukora pasatzeko epaileen txartela Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitiarentzako izan zen. Publikoaren bozka, ostera, Aitor Salegi eta Aitzol Urainek lortu zuten. Bi talde horiek jokatu zuten buruz burukoa.
Hamarreko txikiko ariketa egin zuten lehenengo. Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak aurten hamar urte betetzen dituela eta, euren leloa jarri zuten gai moduan: 'Hamar urte, maitasunez eta gorrotoz, ametsak bizitzen'. Aitorrek maitasunez bizi izan ditu hamar urteak; Xabatek, gorrotoz. Bertso politak osatu zituzten biek, ariketa polita osatuz.
Ostean, objetu bana eman zien gai-jartzaileak: Aitzoli mikrofono bat, eta Nereari, gaztetxean topatutako mikrofono txiki edo entzungailu bat.
Bertso horiekin amaitu zen saio puntuagarria, eta epaiak eskualdeko bikoteari eman zion finalerdietarako txartela: Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrari eta Xabat galletebeitia lekeitiarrari.
Zortzi bertsolariei opariak banatu zizkieten Gaztetxemon gaztetxeko maskotak. Bertsolarien esker oneko agurrekin eman zitzaion amaiera saioari.
Azken sailkapena (Markina-Xemein):
  • Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia  206 puntu (Bigarren fasera zuzenean sailkatuak)
  • Aitzol Urain eta Aitor Salegi  191,5 puntu
  • Eneritz Artetxe eta Ugaitz Beristain  184,5 puntu
  • Iñaki Viñaspre eta Maite Solozabal  170 puntu

1706638284592 Markinan bigarren geratu ostean, aurrera egiteko aukerak ditu Urain eta Salegi bertsol

1706638284661 Markinan bigarren geratu ostean, aurrera egiteko aukerak ditu Urain eta Salegi bertsol

Datorren asteburuan Elgoibarko gaztetxean
 Datorren astean, ekainaren 1ean, Elgoibarren jokatuko da azken kanporaketa. Hurrengoak dira kantatuko duten bertsolariak:
  • Mikel Olaizola eta Eneko Beretxinaga
  • Txaber Ormazabal eta Inazio Vidal
  • Julen Sololuze eta Eñaut Uruburu
  • Ion Mikel Mujika eta Aimar Goenaga

Lotura duten albisteak: