Sei kopa gehiago Sanloren garaikurren bilduman

elgoibarren.net 2012ko mai. 28a, 15:02

Garaipen uzta oparoa batu dute Sanlo klubeko eskubaloi taldeek, amaitzear dagoen denboraldian. Kopa txapelketetan nabarmendu dira, bereziki, Sanlokoak, bost taldek: Tecnifuelle, Pneumax, Lauko, IMH eta Casa Astigarraga irabazi dute-eta Gipuzkoako Kopa txapelketa eta, Euskadiko Kopa ere bai Tecnifuellek.


 Sanlo EKT-ko bost taldek irabazi dute aurtengo denboraldian Gipuzkoako Kopa txapelketa. Honakoak dira Kopa etxeratzea lortu duten taldeak: Pneumax, Lauko, IMH, Casa Astigarraga eta Tecnifuelle. Azken honek, senior emakumezkoen taldeak, Euskadiko Kopa txapelketa ere irabazi du aurten. Hortaz, sei kopa gehiago gaineratu ditu Sanlok garaikurren bilduman. Gainera, ezin da ahaztu, Liga txapelketan lehen postuan amaitu eta gero, Tecnifuellek igoera fasea jokatu zuela Olaizaga kiroldegian.
 Era berean, Kopa irabazterik lortu ez badute ere, Lauko eta IMH Euskadiko Koparen finalera ailegatu dira eta Gipuzkoako Kopako finala galdu berri du Alcortak, Eibarren aurka. Aurrekoez gain, bigarren urteko alebinek irabazi duten Liga txapelketa nabarmendu dute Sanloko arduradunek. Beristain Banaketa, Grupo Eibar, H.Txarriduna, Bankoa eta Aterpe taldeek eginiko denboraldiak ere goraipatu dituzte klubetik, baina, guztien gainetik, bi talde nagusiek, Tecnifuellek eta Alcortak, egin dituzten denboraldiak txalotu dituzte.
Zaleak eta babesleak gogoan
 Zaleen aldetik jasotako babesa ere eskertu nahi izan dute Sanloko kideek denboraldiaren balorazioa egiterako orduan. “Elgoibarko Sanlo Eskubaloi Taldetik urte osoan babesa eskaini eta giro ezin hobea jarri duten herritarrak eta jarraitzaileak eskertu nahi ditugu, hala nola, urte guztian babesa eskaini diguten enpresa eta erakundeak ere ez genituzke ahaztu nahi, azken bi hilabeteetan Elgoibarren antolatu ditugun Igoera Faseak prestatzen lagundu diguten lagun guztiak moduan. Aurrekoez gain, barkamena eskatu nahi diegu gainerako kirol taldeei, Olaizaga kiroldegia hasieran uste baino denbora gehiagoz erabili behar izan dugulako, haien kaltetan. Mila esker bene-benetan denoi izan duzuen pazientzia, arreta eta laguntzeko prestutasunagatik”.