Elgoibar Ikastolaren 50. urteurrenari eskainia egongo da nagusien danborrada

elgoibarren.net 2012ko mai. 30a, 16:37

Gai nagusi baten bueltan antolatzen dute urtero Trinitateetako Nagusien Danborrada eta aurten Elgoibar Ikastolaren 50. urteurrenari eskainia egongo da. Bestalde, Javier Linazisoro (ondoko argazkian) omenduko dute danborradaren hasieran. 86 urteko bergararrak artilleroen buruzagi lanak egin izan ditu azken urteetan eta aurten ere ez du hutsik egingo. 


  Gai nagusi baten inguruan antolatzen dute, urte batzuetatik hona, Trinitate Jaietako Nagusien Danborrada. Itsasoarekin hasi ziren 2007ko danborradan, 2008ko danborradako protagonista ardoa izan zen, euskal ezkontza irudikatu zuten 2009an, Gazta eta gaztagintzari eskainia egon zen 2010ekoa eta iaz, azkenik, gure herriaren ikurra den industria omendu nahi izan zuen Elgoibarko Danborradaren Atabal Elkarteak.
 Aurten, arestian aurreratu moduan, Elgoibar Ikastolaren 50. urteurrenarekin bat egin nahi izan dute antolatzaileek eta ikastolaren lehena eta oraina gogora ekarriko dute danborradaren bitartez. Mendaro aldetik karroza ikusgarri bat ekarriko dutela aurreratu dute antolatzaileek baina ez dute xehetasun gehiagoren berri eman nahi izan, prestatu dituzten ezustekoak ez zapuzteko.

  Aurten, 250 lagun inguruk hartuko dute parte nagusien danborradan eta beste horrenbeste izango dira, domekan, umeen danborradan irtengo direnak.
 Nagusien danborrada, Udal Musika Bandak lagunduta, Kalegoen plazatik abiatuko da, zapatuan (ekainak 2), 23:30ean. Domekan, berriz, Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatzen duen umeen danborrada egingo dute 12:00etatik aurrera. Urtero bezala, karroza ikusgarria prestatu dute, baina domekara arte itxaron beharko da horren berri jakiteko.