Tabakoak eraginiko kalteak neurtzeko aukera izan dute elgoibartarrek

elgoibarren.net 2012ko mai. 31a, 16:37

Tabakorik gabeko Nazioarteko Egunaren harira, -maiatzaren 31n izaten da- erretzaileentzako informazio mahaia jarri dute gaur goizean, Kalebarren plazan, Osakidetzak eta Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkarteak. Horri esker, norberaren biriken adina ezagutzeko aukera izan dute erretzaileek, eta nikotinarekiko duten menpekotasuna neurtu ahal izan dute.


 Osasunaren Nazioarteko Biltzarrak, 1989an, Tabakorik gabeko Munduko Eguna izendatu zuen maiatzaren 31. Egun horren helburua bikoitza da, batetik, animoak ematea erretzaile orori erretzeari lagatzeko, eta bestetik, herritarren ezagutza areagotzea tabakoak osasunean duen eraginaren gainean. Asmo horrekin jarri dute informazio mahaia Osakidetzak eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, ‘Hautsi tabakoarekin’ lelopean.
  Informazioa emateaz gain, mahaiaren bueltan egon diren medikuek eta erizainek espirometria eta cooximetria probak egin dizkiete hala nahi izan duten herritarrei. Biriken arnasketa-ahalmenaren neurtzen du espirometriak eta biriken adinaren berri ematen digu, alegia, "berrogei urterekin, asko erretzearen ondorioz, laurogei urteko pertsona bati dagozkion birikak dauzkagun esan diezaguke", argitu du Jose Antonio Agotek adibide horrekin. Cooximetria probarekin, bestalde, biriketako karbono monoxido maila neurtzen da. Ez-erretzaileen biriketan ez luke karbono monoxidorik egon behar.

 AECC erakundeak (Asociacion Española Contra el Cancer) zabaldutako datuen arabera, tabakoaren erruz 56.000 lagun inguru hiltzen dira urtero Espainiar Estatuan. Era berean, zigarroaren kean 4.000 substantziatik gora topatu dituzte, horietako berrogei oso toxikoak eta minbizi-sortzaileak, gainera. Profesionalen laguntzarekin erretzeari lagatzeko aukera izugarri handitzen dela diote.

1706638269165 Tabakoak eraginiko kalteak neurtzeko aukera izan dute elgoibartarrek

1706638269268 Tabakoak eraginiko kalteak neurtzeko aukera izan dute elgoibartarrek

1706638269366 Tabakoak eraginiko kalteak neurtzeko aukera izan dute elgoibartarrek

1706638269447 Tabakoak eraginiko kalteak neurtzeko aukera izan dute elgoibartarrek

1706638269556 Tabakoak eraginiko kalteak neurtzeko aukera izan dute elgoibartarrek