Aldizkari ofizialean jasotako informazioaren arabera, lehiaketa irabazten duenak obra esleitzen zaionetik bederatzi hilabeteko epea izango du lan horiek egiteko, eta hortik ondorioztatu daiteke handitze lan horiek bukatuta egongo direla 2013-2014 ikasturtea hasten denerako. Matrikulazio kopuruak gora egin du azken urte hauetan, eta Herri Eskola txiki gelditu da. Horren ondorioz, zenbait ikasle gela prefabrikatuetan daude gaur egun.
Ikastetxea handitzeko obrak, berez, Irakaskuntza Publikoko Ikastetxeak Hobetzeko 2008-2012 Planean jasota zeuden, baina Jaurlaritza luzamendutan ibili da azken urte hauetan. Hori dela eta, bai Herri Eskola bertako guraso elkarteak eta baita udal agintariek ere hainbat kexa agertu dituzte azken urteotan Jaurlaritzara, zuzenean nahiz zeharka. EAJk, esate baterako, Garbiñe Mendizabal legebiltzarkidearen bidez eraman zuen gaia Legebiltzarrera, eta Javier Nuñez PPko zinegotziak ere galdera sorta bat bidali zion Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari. Nuñezi erantzunez, Celaak esan zuen obrak 2013-2014 ikasturtean zehar egingo zirela, baina ez zuen beste zehaztapenik eman.