Trinitate jaietako irudiak, klik batean

elgoibarren.net 2012ko eka. 4a, 14:29

{vimeo}43593059{/vimeo}Aurten ere iruditan jaso dugu Trinitate jaiek Elgoibarren eta Mendaron eman dutena, Mendaron, oraindik ere, jaiak ospatzen badihardute ere, gaurko egunez ospatzen baita, berez, Trinitate Eguna (ekainak 4). Picasan dugun kontuan ikus ditzakezue asteburuko argazkirik esanguratsuenak. Picasan dugun kontuan ikus ditzakezue asteburuko argazkirik esanguratsuenak. (argazkiak eta bideoak dauzka)



 Bero sargoria eta ekaitzak tartekatu dira joan den asteburuan, baina eguraldia ez da oztopo izan Trinitate jaietarako prestatutako ekitaldi guztiak aurreikusita zeuden moduan egiteko. Bero zapa handia jasan behar izan zuten zapatuan Lekueder parkean eta plaza txikian batu ziren Elgoibarko baserrietako abereek. Ikusleak ere kexu ziren beroaz, baina Maalako jai batzordeak antolatutako sagardo lehiaketan izan zuten estarria freskatzeko aukera. Lumagorri oilasko eta aire librean hazitako Basatxerri txerri pintxoek ere arrakasta izan zuten, denak agortu baitziren eguerdirako.
Azoka berezia eta sargoria
 Elgoibarko baserrietako produktu eta animaliak izan ziren azoka bereziko protagonistak eta idi-dema erakustaldia, berriz, ikusmin handiena piztu zuena. Kalebarren plaza jendez gainezka zegoela atera ziren lanera Egoitz Armaolea Belarretaren hiru idiak. Erronka bikoitza zen, Harri Beltzaren 2.100 kiloak batetik bestera mugitzea, batetik, eta egiten zuen bero errearekin lan egin beharra, bestetik. Idiek eta itzainek, gogotik saiatu ostean, 39 plaza egitea lortu zuten. Duela bi urteko trinitate jaietan ere jardun zuten lanean Belarretaren hiru idiek. Orduko hartan, Evaristo Valdes, Juanategiren idi parearen aurka aritu ziren, 20 minutuko lanean, eta 31 plaza osatu zituzten. Evaristo Valdes izan zen, hain justu ere, goizeko protagonistetako bat, Elgoibarko Udalaren eta Debemenen omenaldia jaso zuen-eta urte luzetan Trinitate jaien alde eginiko lanagatik.
Ikastolaren 50. Urteurrena gogoan nagusien danborradan
 Zapatu arratsaldean dantza jaialdia egin zuten Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasleek Kalegoen plazan eta gauean 250 herritarrek hartu zuten parte nagusien danborradan. Elgoibar Ikastolari eskaini dio Atabal elkarteak aurtengo danborrada eta aipamen berezia egin zieten Elgoibar Ikastolako kideei danborradaren hasieran. Ikastolako bost andereño aintzindariak eta ikasleen lehen promozioko bost ikaslek danborradarekin batera zeharkatu zituzten herriko kaleak, Mendarotik ekarri zuten karroza dotorean. Ikastolakoak ez ziren omendutako bakarrak izan, baina, urtero-urtero danborradara hutsik egin gabe etortzen den artillero nagusia, Javier Linazisoro bergararra ere omendu zuten-eta. Hunkituta eman zion esker ona Juan Carlos Arrietak, Atabal elkartearen izenean.
  Domeka goizean XVII. Artisau Azoka bisitatzeko aukera izan zuten elgoibartarrek. Aurten, 30 postu eduki ditu azokak eta era guztietako artisau lanak egon dira bertan, tartean herriko hamar artisten lanak. Domeka eguerdian, azkenik, nagusien lekukoa hartu zuten umeen danborradak. Bob Esponjaren begiradapean egin zuten danborrada, marrazki bizidun ezagunaren irudi erraldoi batekin osatu zuten-eta aurtengo karroza Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolakoek.
Jaime Zamakola irabazle kaleko margo lehiaketan
 Berrikuntzak ere izan dira aurtengo trinitate jaietan, besteen artean, Egur arte tailerrak antolatutako kaleko lehen margo lehiaketa. Hamabi lagunek hartu zuten parte nagusien kategorian eta Mendaroko Jaime Zamakolak aurkeztutako koadroak irabazi zuen lehen saria (800 euro). Juan Jose Altunarentzat izan zen bigarren saria (400 euro). Epaimahaiak aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu zuen eta irabazlea aukeratzea ez zela lan erreza izan azaldu zuten Kultur Etxeko sotoan egin zen sari banaketa ekitaldian. Umeen kategorian bi lan bakarrik aurkeztu ziren eta, hortaz, Gari Gonzalez eta Arhane Villanueva izan ziren sarituak. Egur Arte tailerreko kideak gustura geratu dira lehiaketak izan duen erantzunarekin eta datorren urtean ere berriz antolatzeko asmoa dutela aurreratu dute. Ume gehiago erakartzeko zerbait pentsatu beharko dutela ere gaineratu dute.
ARGAZKIAK: 2012ko Trinitate jaiak (guztiak Picasan)