-Urtebeterako luzatu dizu kontratua NaturHouse Logroño taldeak. Gustura Logroñon beste urtebetez jarraituko duzula-eta?
Bai, urtebeterako luzatu dut kontratua eta gustura nago, oso gustura, une oro nahi izan dudana da-eta, Logroñon jarraitzea. Talde sendoa aurreikusten da datorren denboraldirako, proiektu polita. Gainera, pasatzen ari garen denborale honetan, ateri egiten du Logroñon, eta ez da gutxi.
-Taldea eta, bereziki, Jota Gonzalez (entrenatzailea) eskertu dituzu publikoki, Twitter (@uarrieta) bitartez, eskaini dizuten aukera berri honengatik.
Bai, nire esker ona erakutsi nahi izan diet, hala sentitu dudalako. Urte zaila izan da, otsailetik min harturik egon naiz, jokatu ezinda eta halako egoera batean ni gogoan izan eta beste urtebeterako aukera ematea, eskertzeko modukoa da. Laugarren denboraldia izango dut Logroñon.
-Denboraldia amaituta, balorazioak egiteko sasoia da. Nolakoa izan da amaitu berri den denboraldia Unai Arrietarentzat?
Urte zaila izan da, zalantzarik gabe. Lehen itzulian ongi aritu nintzen. Izan nuen belaunean minen bat baina ezer larririk ez. Jarraikortasunez jokatu nuen eta nahiko maila onean. Bigarren itzuliaren hasieran hartu nuen benetan min, otsailean, eskuineko hankako muskulu bikian. Zuntz haustura izan nuen, nahiko larria. Ez zidaten ongi diagnostikatu eta tratamendua ere ez zen behar bezalakoa izan eta ondorioz konplikazioak izan ditut. Poliki-poliki gainditzen ari naiz lesioa eta datorren denboraldi-aurrerako erabat osatuta izango naiz.
-Eta taldea, zer nota jarriko zenioke taldeak egin duen lanari? Gehiago egin zenezaketela uste duzu?
Esfortzu eta lanean bikainekoa jarriko nioke taldeari. Uste dut alde horretatik ezin zaiola gehiago eskatu taldeari, lana gogotik egin dugu. Egia esango badizut uste dut emaitza on bat lortu dugula, zazpigarren postua, ez dago gaizki. Hala ere uste dut zerbait gehiago espero zela. Logroñoko ikusleak eta baita zuzendaritza eta entrenatzaileak ere, uste dut zerbait gehiago espero zutela. Duela bi urte lortu genuen bosgarren postuarekin, itxaropen handiak zituzten jarrita talde honengan azken urteetan eta iruditzen zait inguruko presio hori ez dugula nolabait leundu eta eramaten jakin. Hori izan daiteke agian emaitza hobea lortu ez izanaren zergatietako bat. Beste alde batetik ere iruditzen zait gure taldeak erakutsi duena baino gehiago emateko gaitasuna duela. Kontua da zergatik ez dugun asmatu gure onena ematen? Ez da lana eta ahalegin faltagatik izan, ezin zaio profesionaltasun faltari egotzi, ezin dira halako azalpen sinpleak eman. Uste dut horren zergatia hori baino konplexuagoa dela eta hausnarketa sakonagoa eskatzen duela.
-Hurrengo denboraldirako taldea osatzen ari da Naturhouse. Egiten ari den mugimenduak (altak, bajak...) ikusita, aurtengoari eutsi ala pauso bat aurrera emateko moduko taldea osatzen ari da, zure ustez?
Naturhouse urte batzuetarako proiektu bat burutzen ari da. Ez du orainaldira bakarrik mugatzen, etorkizuna ere lantzen ari da. Urte batzuetako proiektu bat da, ziklo bat agian, eta urtetik urtera taldea hobetu nahian dihardute. Jota bere taldea osatzen ari da, gustuko dituen jokalariekin, bere jokatzeko modura hobekien moldatzen direnekin. Darabilten lan-modua interesgarria da oso, une honetan Asobal ligan ez da horrela lan egiten duen talde asko. Guzti horrek, baina, egonkortasun ekonomiko bat behar du atzetik eta bizi ditugun garai hauetan arraroa baldin bada ere, Naturhouse egonkortasun hori lortzen ari da. Datorren urterako ere talde sendoa osatzen ari dira, beno, jokalari onak fitxatzen bai behintzat. Taldea sendoa izango den datorren denboraldi amaieran ikusiko dugu. Askotan jokalari onez osatutako multzoek ez dute talde on bat osatzen eta.
Jarraitu dut bai, nahiko gertutik, sare sozialen bidez, BARREN astekariak emaniko berriez. Ez dut aurten kiroldegian egoteko aukerarik izan baina kontatu didate bai partida askotan kiroldegiko harmailek izan duten itxura. Pozte naiz bai, ikaragarri. Pozten naute izan dituzten kirol-emaitzek, maila guztietan, neska eta mutilek. Aipagarria senior mutilek lortutako igoera, dudarik gabe. Hala ere uste dut emaitzarik garrantzitsuena Elgoibarren eskubaloiak lortu duen jarraipen eta zaletasuna dela, klubak eskubaloiaren inguruan sortu duen olatu hori. Horrek ematen dio benetan balioa gainontzeko lorpenei, herriko 230 haur eta gaztek eskubaloia bezalako jarduera osasungarri eta dibertigarri batez gozatzeak, hain zuzen ere. Gainontzeko lorpenak gutxietsi gabe, iruditzen zait hori dela benetan Sanlok lortu duen benetako emaitza. Bejondeiela eta jarraitu dezatela lanean.