Egoibarko udal ordezkariek harrera egin diete, gaur goizean, Udalbatza aretoan Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten Elgoibarko ikasleei. Hain zuzen, 40 ikaslek osaturiko ordezkaritza bat izan da gaur udaletxean.
Debegesako Garapen Iraunkorrerako Sailaren koordinaziopean, aurtengo ikasturtean Debabarreneko ikastetxeetan mugikortasunaren gaia landu da. Elgoibarren ikastetxe guztiek hartu dute parte egitasmoan, hala nola, IMH, Meka, Institutua, Herri Eskola eta Elgoibar Ikastolak.
Gai hau lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan. Besteak beste, ikasleak kalera atera dira eta Elgoibarren dauden mugikortasun arazoak, bertatik bertara, aztertu dituzte. Hala, ikasleek herriaren diagnostikoa egin dute, hobetu beharrekoak identifikatu dituzte eta horiek bideratzeko proposamenak aurkeztu dizkiote gaur Udalari.
Herriko mugikortasuna hobetu eta jasangarriagoa izan dadin ikasleek egindako proposamenen artean daude, besteak beste:
- Ikastolako aldapan kotxeak ez aparkatzeko neurriak hartzea, isunak, piboteak…
- Garraio publikoaren erabilera sustatzeko kanpaina abiatzea.
- Egoera txarrean dauden espaloi eta errepideak konpontzea.
- Espaloien zabalera eta azalera egokitzea.
- Herritarrei iritziak eta aholkuak eskatzen jarraitzea, gaurko adibideari jarraituz.
- Bidegorriak eta bizikletak uzteko aparkalekuak egitea.
- Albitxuriko eraikuntzara oinez joateko bidea hobetzea.
Udal ordezkariek, ikasleen eskaera eta proposamenak jaso dituzte eta eskerrak eman dizkiete egindako lanagatik eta aurkeztu dituzten proposamenengatik. Ekitaldiaren amaieran, luntx txiki bat ere eskaini diete ikasleei.
|
|
|
|
∞Lotura duten albisteak:
- Kontsumo jasangarrian oinarritutako proposamenak aurkeztu dituzte ikasleek Udalbatzarrean (2011-05-11)
- Ikastolako haurren galderei erantzun zieten Mendaroko udal agintariek osoko bilkura berezian (2012-05-31)