Domekan jokatuko dute 10 Bai torneoko finala

elgoibarren.net 2012ko eka. 8a, 17:25

 
Agirrebeñak eta Atanok osatutako bikoteak Germanek eta Enekok osatutakoaren aurka jokatuko du, datorren domekan, 10 Bai torneoko finala, Kalegoen plazako frontoian. Gaur, bestalde, Hernaniren kontra jokatuko ditu Elgoibarrek Herriarteko pilota txapelketako final laurdenak Hernanin.




Eguenean jokatu ziren 10 Bai Torneoko finalerdietan, 22-15 irabazi zieten Agirrebeña eta Atanok Karmelek eta Loiolak osatutako bikoteari eta beste finalerdian, German eta Eneko 22-19 nagusitu ziren Basueta-Portu bikotearen aurka. Horrela bada, Agirrebeñak eta Atanok German eta Enekoren aurka jokatuko dute final handia, domekan. 12:00etan hasiko da partida, kalegoen plazako frontoian

•Herriarteko pilota txapelketako final laurdenak
  Errenteriaren kontrako sei partidak irabazi ostean, Hernaniren kontra jokatuko du Elgoibarrek Herriarteko pilota txapelketako final laurdenetan. Asteburu honetan jokatuko dituzte joaneko partidak Hernanin, eta itzulerakoak datorren asteburuan izango dira, Elgoibarren. Hernanik ere partida guztiak irabazi zituen final zortzirenetan, Arrasateren kontra.Honako pilotariek osatzen dute Elgoibarko taldea. Kadeteetan, Irigoras eta Loidi; jubeniletan Konde eta Igor Txurruka, eta, azkenik, nagusien bikotea Arribillagak eta Iker Txurrukak osatzen dute.
Pala txapelketa
 10 Baik antolatzen duen emakumezkoen pala txapelketa datorren astean hasiko da, okerrik ezean. Guztira, hamabi bikotek eman dute izena, eta antolatzaileek eguazteneko batzarraren ostean zehaztuko dute egutegia.