Bi lagun atxilotu dituzte beste bati labanaz eraso egin dotelakoan

elgoibarren.net 2012ko eka. 11a, 15:28

 
Herrizaingo Sailak eta Elgoibarko Udalak jakinarazitakoaren arabera, 18 eta 28 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten zapatu gauean Elgoibarren, ustez beste gizonezko bati ipurmasailean labankada bat eman ziotela-eta.

 
 
 
 “San Frantzisko kaleko 21. zenbakiaren inguruan gazte bat labankadaz zauritu zutela esanez dei bat jaso genuen zapatu gauean, 22:00ak inguruan”, azaldu du Javier Oñederra udaltzainburuak. Deiari erantzunez zer gertatu zen ikustera joan ziren udaltzainek odol arrastoak topatu zituztela Anbulatoriorako bidean gaineratu du. Osasun Zentroan topatu zuten zauritutako gizonezkoa, haren bi lagunekin batera. Antza denez, borroka batean jaso zuen labankada, ipurmasail inguruan.
U daltzainak eta Ertzaintzako agenteak, lekukoek eginiko deskribapenetan oinarrituz, ustezko erasotzaileen bila hasi ziren elkarlanean, eta ez zen denbora asko pasa deskribapenekin bat zetozen bi susmagarri topatu zituzten arte, Deba ibaiaren ertzean dagoen bidean, hain zuzen ere. Agenteak ikusi orduko susmagarriek ihesari eman ziotela jakinarazi dute Ertzaintzako eta Udaltzaingoko iturriek, eta susmagarrietako bat hesi bat gainetik pasatzen saiatzen ari zen unean atzeman zituzten biak, Errosario kalearen parean. Atxilotuetako batek, “jasotako deskribapenarekin bat etortzeaz aparte, odolez zikinduta zuen oinetakoa”. Gorputz erregistroa egiterakoan, bestalde, labana eramateko zorroa aurkitu zioten, eta ustezko erasoan erabilitako labanaren neurrikoa zela ondorioztatu zuten atxiloketan parte hartu zuten agenteek. Bigarren laguna, agenteei indarrez aurre egiteagatik atxilotu zuten.
 Honenbestez, lesio delitu bat eta autoritateari erresistentzia jartzea egotzi diete bi atxilotuei. Zauria eragin zuen ustezko labana erasoa gertatu zen inguruan, San Frantzisko kaleko 27. zenbakian, topatu zuten.