San Bartolome parrokian hasi ziren ospakizunak, udaletxean izan zuten segida eta herriko kaleak Argitxo maskotaren gidaritzapean kalejiran zeharkatu eta gero, ikastolan bertan jarraitu zuten ospakizunek. Elgoibar Ikastolako gaur egungo eta bertatik pasa diren ehunka ikaslek, irakaslek, gurasok eta langileek hartu zuten parte 50. urteurreneko egun handian. Ikastolako kanpoko pistetan jarri zuten karpa erraldoian, esaterako, 750 lagun batu ziren bazkaritarako.
Elgoibar Ikastolaren historian modu batean zein bestean protagonista izan direnekiko esker ona adierazteko antolatu zuten, batik bat, ospakizun egun handia antolatzaileek eta uneoro izan zituzten gogoan 50 urteotan ikastolaren alde lan egindakoak. Hasteko, Elgoibarko Udalak ikastolako ordezkariei udaletxean egin zieten harreran, 50 urteotan lehendakari kargua bete duten 22 lagunak, estreinako irakasleak eta langileak omendu zituzten. Ondoren, ikastolako erdiko aretoan egin zuten ekitaldian, 50 urtean eragile izan diren guztiak omendu zituzten, kronologikoki. Urteurreneko plaka bistaratu ostean, erdiko aretoan bildutako guztien artean urteurrenaren aitzakian grabatu duten “Amets bat” kanta abestu zuten (goiko bideoan ikus dezakezue abestia osorik)
•ARGAZKIAK: (argazki guztiak elgoiBARREN.net atariaren Picasako kontuan edo Elgoibar Ikastolaren Picasako kontuan)