•Arbasoen Deia izenburupean, gure historian barrena hiru ibilbide proposatzen ditu egitasmoak:
•Lehen hitzordua, ekainaren 16an: Dolmenen ibilbidea
Izan ere, Euskal Herriko begiralekurik onenetarikoa den Karakate-Irukurutzeta mendilerroan, trikuharri eta tumuluen kontzentrazio handia aurkitzen da. Jose Miguel Barandiaran berak ere Trikuharrien Ibilbidea izena eman zion ingurune honi. Euskal artzainen eta nomaden aztarnak jarraituz, ibilbide interesgarria burutuko dute bisitariek Soraluze eta Elgoibarko inguruetan. Gainera, geldialditxo bat egiteko aukera eskainiko zaie eskualdeko sagardoa, gazta eta ogia dastatzeko.
Irteera goizeko 10:00etan egingo da, Karakateko parkingetik, eta ibilbideak hiru orduko iraupena izango du gutxi gorabehera.
*Dolmenen Ibilbidea egiteko hurrengo datak honakoak dira: uztailak 8, irailak 16 eta 30, urriak 12 eta 21, azaroak 11 eta 25.
•Izena emateko
Ibilbideak gehienbat oinez egiteko dira, gida-adituen azalpenek lagunduta, eta 7-10 urtetik gorako haurrentzat ere gomendagarriak dira (ibilbidearen arabera). Bisiten egunak eta gainerako informazio baliagarria www.debabarrenaturismo.com webgunean eskura dute herritarrek.
Erreserbak, aldiz, 943191172 / 695783656 telefonoetara deituz edo debanatura@hotmail.com helbidera idatziz egin daitezke. Helduentzako prezioa 9 eurokoa izango da eta 5 euro ordaindu beharko dituzte haurrek (12 urtetik behera). Prezioak hamaiketakoa barne hartzen du.
•Debabarreneko historia eta ondarea errekurtso erakargarri bihurtzeko saiakera
Debegesako Turismo Saileko arduradun Cristina Iturriagagoitiaren berbetan, “Arbasoen Deia programa pilotu bat da, eta harrera ona badu, eskualdeko gainerako herrietara zabal liteke aurrerago. Debabarreneko historia eta ondarea errekurtso erakargarri bihurtu nahi ditugu, bisitariak eskualdera erakartzeko. Baina, lehendabizi, ezinbestekoa da bertako zein inguruko herrietako biztanleek euren historia ezagutzea eta bertako partaide direla sentitzea, eta horixe da hain zuzen orain gure erronka nagusia. Konbentzituta gaude Debabarreneko Historiak interes handiko eduki ugari dituela, bai aurrehistorian baita gertuko historian ere”.