Zirardamendin agertu diren lau gudarien gorpuzkiak hobitik aterako dituzte zapatuan

elgoibarren.net 2012ko eka. 14a, 11:01

1936ko irailaren 25ean Bilbo, Santurtzi, Barakaldo eta Bizkaiko beste zenbait herrietako gazte abertzaleak Urkaregin aurrera abiatu ziren egunsentian, baina Zirardamendi gainera bidean faxistek erasoa jo eta bertan hil ziren. Inguruko auzotarrek lurperatu zituzten Zirardamendi ondoko pagadi batean. 76 urte pasatu eta gero, lau bat gudariren gorpuzkiak lekutu dituzte hobi komun batean. (argazkiak eta bideoak dauzka)

 
  Datorren zapatuan, ekainaren 16an, aterako dituzte hobitik gudarion gorpuzkiak eta omenaldia egingo diete Elgoibar 1936 eta Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 elkarteek. Aiastiako frontoian egin dute hitzordua, 11:30ean, eta denak batera abiatuko dira gorpuzkiak lurperatuta dauden Zirardamendiko basorantz, 12:00etan hasiko da-eta ekitaldia.

1706638236497 Zirardamendin agertu diren lau gudarien gorpuzkiak hobitik aterako dituzte zapatuan

Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean, Elgoibar 1936 eta Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 elkarteek Ziardamendiko hobi komunak aztertu dituzte. Memoria historikoa berreskuratzeko taldeek azaldu dutenez, 1936ko irailaren azken asteetan, tropa frankistek Gipuzkoa ekialdetik mendebalderantz hartu ostean, Azkoititik Elgoibarren sartu ziren (1936/09/21). “Aiastia aldean gertu zeuden ordurako lehen borrokalariak faxistei aurre egiteko eta 1936ko irailaren 24an Bilbotik autobusetan irten ziren hainbat gazte abertzale gure ingurua defendatzera eta faxisten erasoa geratzera. Gaua Markinako zelaian igaro ondoren, Etxebarritik gorantz, Urkaregi aldera jo zuten.
 1936ko irailaren 25ean Bilbo, Santurtzi, Barakaldo eta Bizkaiko beste zenbait herrietako gazte abertzaleak Urkaregin aurrera abiatu ziren egunsentian, baina Zirardamendi gainera bidean faxistek erasoa jo eta bertan hil ziren. Gerraren lerroa zazpi hilabetetan egonkortu aurreko borrokak izan ziren, eta, ondorioz, inguruko auzotarrek lurperatu zituzten Zirardamendiko basoan hilotz geratu ziren gudariak”.
  Gudariak lurperatu zituzten auzotarren lekukotasuna hurrengo belaunaldiei transmititzeari esker, eta batez ere Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako lan profesionalari esker, Zirardamendiko hobi komunak aztertu ahal izan dituzte Elgoibar 1936 eta Ahaztuen Oroimena elkarteetako kideek. Eta, hala, hiru hobi aztertu ostean, lau gudariren gorpuzkiak topatu dituzte hobietako batean. Hona hemen gorpuzkien bila jardun zuteneko irudi sorta: hemen eta hemen.

1706638236561 Zirardamendin agertu diren lau gudarien gorpuzkiak hobitik aterako dituzte zapatuan

1706638236607 Zirardamendin agertu diren lau gudarien gorpuzkiak hobitik aterako dituzte zapatuan

 Gudarien gorpuzkiak topatzeko testigantzak ezinbestekoak izan direla gaineratu dute Elgoibar 1936 taldekoek, eta, bereziki, Bittor Agote eta Felix Etxeberria nabarmendu dituzte eskainitako laguntzagatik.
Francisco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak eta Gerra Zibileko desagertuak eta hobi komunak aztertzeko eratutako lantaldeko buruaren gidaritzapean jardun zuten, ekainaren 6an, Zirardamendiko hobi komunak aztertzen. Etxeberriaren adierazpenak entzun ditzakezue ondorengo bideoan. Beste bideo honetan, berriz, desehorzketa lanak ikus ditzakezue.
{youtube}6or8htTc-7k{/youtube} 
Lotura duten albisteak: