Bi lagun atxilotu zituzten zapatuan indarkeria erabiliz lapurreta egin zutelakoan

elgoibarren.net 2012ko eka. 19a, 15:24

 
Elgoibarko udaltzainek eta Eibarko Ertzain-Etxeko agenteek bi lagun atxilotu zituzten, joan den zapatuan, indarkeria erabiliz lapurreta egitea egotzita. Atxilotuetako bat adintxikikoa da.

 


 Ertzaintzaren arabera, zapatu gauean, 23:00ak aldera, hiru lagunek beste bat nola inguratzen eta “jipoitzen” zuten ikusi zuten Ertzaintzako patruila bateko kideek, Urazandi kaleko lehen blokeko etxeen azpian dagoen pasabidean (goiko argazkian). Praketako poltsikoan eskua sartu eta diru-zorroa nola osten zioten ere ikusi zutela adierazi dute. Ertzainek inguruan zebiltzan udaltzainei jakinarazi zieten ikusitakoa eta elkarrekin bertaratu ziren.
 Agenteak ikustean ihesari eman zioten susmagarriek, baina Ertzainen autoa erabiliz bidea oztopatu eta hiru lagunetako bat atzeman zuten. Atxilotzerako unean ertzain bat jo eta gogor egin zion aurka poliziari. Ihesari eman zion beste gazteak ere poliziari aurka egin zion, baina udaltzaingoko agenteek eta ertzainek atxilotzea lortu zuten.
 Atxilotuetako batek 18 urte ditu eta 16 urte besteak. Indarkeria erabiliz lapurreta egiteaz gain, atentatu delitua egotzi diete gazteei, atxiloketaren unean agenteei eraso egiteagatik. Polizia aurrekariak dituzte batak zein besteak.
 Atxilotu eta gero Eibarko Ertzain-Etxera eraman zituzten delituaren inguruabar eta zertzelada guztiak jaso ahal izateko eta delituaren kalifikazio zehatza egiteko. Alabaina, adintxikiko laguna berehala aske laga zuten, hala eskatutakoan epailearen aurrean agertzeko betebeharrarekin. Beste atxilotua epaileen esku laga zuten.
Ustez lapurretan parte hartu zuen hiruugarren laguna zein den jakiteko ikerketak aurrera jarraitzen duela gaineratu du Ertzaintzak, ihes egitea lortu zuen-eta. 
 
Lotura duten albisteak: